Bigarrenari heltzeko prest
Igandean, ohitura denez, Idiazabalgo pilota eskolako haurrek San Blas pilota jaialdia egingo dute Igarondon. Kuadrillen eguneko paella janean 800 lagun bilduko dira plazako karpan.
Pasa den asteburuaren ondotik festa gosez geratu direnek, aukera berri bat izango dute bihar hasi eta asteartera bitartean Idiazabalgo San Blas jaietan. 18:00etan emango diete hasiera ofizialki jaiei. Idiazabal Kirol Elkarteko mendi saileko kideek irakurriko dute pregoia udaletxeko balkoian, taldearen 40. urtemugan eta ondoren jaitsiko da festen iragarle den Axaria herrira. Ekitaldiz betetako lau festa egun dituzte aurretik idiazabaldarrek eta bertara gerturatzen diren bisitariek.
Aspaldiko urteetan ohitura bihurtu da Idiazabalgo pilota eskolako pilotarien San Blas pilota jaialdia. Igandean izango da aurten, 16:30ean hasita Igarondo pilotalekuan. Joseba Goikoetxea pilota eskolako diruzainak adierazi duenez, «urte guztian zehar entrenamenduetan ikasitakoa jendaurrean erakusteko unea» izan ohi da herriko pilotari gazteentzat Sanblasetako jaialdia.
Aizkorpe pilota kluba
Gaur egun, 35 neska-mutil dabiltza pilota eskolan, «33 mutil eta bi neska», zehaztu du Goikoetxeak. Adinez, LH1etik nagusien mailara artekoak. Kopuru «polita» da Idiazabal bezalako herri batentzat, baina Goikoetxea «kexu» da, goragoko mailetan kopuruak nabarmen egiten duelako behera. Horregatik, eskualdeko haur eta gazteen artean pilota bultzatzeko asmoz, Zegamako eta Segurako pilota eskolekin batera —Zerain eta Mutiloako pilotariak barne— Aizkorpe Pilota Kluba sortu zuten uztailean. «Haurren mailetakoek norbere eskolan entrenatzen dute, baina kimu eta gazte mailetako pilotari guztiak klubera joatea da asmoa», azaldu du. Beñat Garmendiaren zuzendaritzapean ari dira eta hiru hilez behin herriz aldatzen dute, «urtarrila eta martxora bitartean, Idiazabalen entrenatuko dute», aurreratu du.
Gainontzean, bestelako hamaika ekintza daude antolatuta astebururako, musika emanaldi eta kontzertuez gain, jendetsuena kuadrillen eguneko paella jana izango da; dagoeneko salduta daude aldez aurretik jarritako 800 txartelak.
Ikusi ondorengo estekan San Blas jaietako egitaraua.
San Blas jaien harira, Lurraldebusek gaueko autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu bihar, larunbata, eskualdeko gainontzeko herrietatik Idiazabalera gerturatu nahi duten horientzat. Hala zerbitzu bereziak izango dira Beasain, Ordizia eta Lazkaora 00:25ean, 02:10ean eta 03:55ean, Idiazabaldik irtenda. Berdin, Segurara eta Zegamara norabidean, 01:35ean, 03:20ean eta 04:45ean, hauek ere Idiazabaldik irtenda.
Era berean, ibilgailuentzako bide mozketak ere izango dira asteburu guztian zehar, bihar 17:00etan hasita, otsailaren 4ko iluntzera bitartean. Ondorioz, Kale Nagusia trafikoarentzat itxita egongo da Fabiana Zudaire kaletik Plaza Nagusira bitarteko tartean.