«Onenez inguratuta egon behar dela esaten da, eta saiatzen naiz hori egiten»
Antzerki Garaia zikloaren barruan ‘Oscarra Oscarrentzat’ taularatuko du Jon Plazaola aktore urretxuarrak, bihar, Beasainen. Honetaz, eta Aitziber Garmendiarekin estreinatu berri duen ‘Arizona’ obraz hitz egiteko aitzakia izan da.
Antzerki Garaia zikloaren barruan Oscarra Oscarrentzat (Txalo konpainia) antzezlana taularatuko du Jon Plazaola aktore urretxuarrak, Ane Gabarain, Mikel Laskurain eta Oihana Maritorenarekin, Mikel Hernandezek zuzenduta, bihar, Beasaingo Usurbe antzokian, 20:30ean. Honetaz, eta Aitziber Garmendiarekin batera, otsailean, Goierriko oholtzetan izango den Arizona obra berriaz ere hitz egin du.
Plaza batzuk egin dituzu gaztelaniazko bertsioarekin, orain, berriz, euskaraz ari zarete, lan talde berrituarekin. Zer moduz ari zarete?
Un oscar para Oscar bertsioarekin hasi nintzen 2022ko udan, Madrilen, eta ia bi urte eta erdi jiran pasa eta gero, euskarazko bertsioa egin dugu. Mikel Laskurain, Ane Gabarain eta Oihana Maritorenarekin batera ari naiz orain, eta oso gustura nago. Oso-oso ondo pasatzen dugu oholtza gainean, eta jendeari ondo pasarazten ahalegintzen gara, baina detailetxo asko daude, erritmo aldaketa asko, eta horrek, entsegua eskatzen du, beraz, hainbeste entsegu gabe horrelako antzezlan exijentea ondo ateratzea, ez dago askoren esku. Profesional bikainak dira!
Nolakoa izan da obra euskaratzeko lana?
Ez da lan makala izan, gag eta kolpe guztiek euskaraz zentzua izan behar zuten-eta. Adibidez, gaztelaniazko bertsioan, Kultura ministroa edo Ogasun ministroa direnak, Euskal Herrira ekarriz, sailburuak dira, Eusko Jaurlaritzatik datozenak, jatorriak moldatu ditugu…
Itzulpenak duen beste zailtasun bat da, metrika, musikalitatea, komedian batez ere, aldatu egin behar izaten dela. Komedia, erritmoa da azken finean, eta gaztelaniarekin konparatuz, euskarak beste estruktura bat du, beraz, eskatzen du itzulpen soil bat baino gehiago. Baina egokitzapena ondo joan da, eta orain arteko esperientziak erakutsi digu publikoak gurera ekartzeko egin dugun lana eskertu duela, eta orokorrean, esango nuke, dibertitu direla. Tokian tokiko lokalismoak sartzeak ikuslea poltsikoratzen laguntzen du.
Oscar sarietarako hautagai bat irudikatzen duzu, non politika ere sartzen den tartean. Zer konta dezakezu?
Film labur onenaren Oscar saria irabazteko izendatuta dagoen zuzendari bat da Oscar. Los Angeleseko motel ziztrin batean kokatzen da istorioa, galaren aurretik eta galaren ondoren, baina ez doa ez bikoteak edo senitartekoek lagunduta, doa Ogasun sailburuak eta Kultura sailburuak lagunduta. Eta hor dauka satira eta denuntzia puntu hori ere. Nolabait, irudikatzen ditu oholtza gainean bi politikari, beraien buruari besterik begiratzen ez diotenak. Esan genezake, politikariak daudela, berez, herriari laguntzeko, edo, herriak hautatu duen hori errespetatzeko. Baina zenbait kasutan, ikusten duguna da politikariak beraien artean borrokan ibiltzen direla, eta beraiengan besterik ez dutela pentsatzen. Mezu hori zabaltzen dugun arren, publikoak, azkenean, maite ditu Ogasun eta Kultura sailburuaren pertsonaiak, maitagarriak ere badirelako, hein handi batean. Karikaturizatu egiten ditugunez, jendeak barre egiten du eta oso ondo pasatzen du haiekin.
«Euskaratzea ez da lan makala izan, ‘gag’ eta kolpe guztiek euskaraz zentzua izan behar zuten-eta»
Laugarren pertsonaia bat ere bada…
Bai, hala da, Pauline izena duena. Lau pertsonaietan garbiena edo zintzoena da bera. Los Angelesen bizi den scort girl bat da. Eta askoz gehiago ezin dut esan.
Oso komedia dibertigarria izateaz aparte, hausnarketarako hainbat gai ere planteatzen ditu.
Protagonistak eta bi politikariek, badituzte barnean miseria gehiago. Oscarrek, gauza asko sakrifikatu behar izan ditu iritsi den tokira iristeko, eta azkenean, plazaratzen dugun galdera da, merezi ote duen hainbeste sakrifikatzeak gure ametsak betetzeko, edota zer gauden prest atzean uzteko, erlazio pertsonalak, maitasuna… eta horrek denak sari batek baino gehiago merezi ote duen. Obra honetan, sari batek irudikatzen du ametsa, zinema mailan behintzat, sari garrantzitsuena dena. Hori da Oscarrek planteatzen duena.
Nolakoa izan da aktore talde honekin lan egitea?
Pribilegio bat! Ane Gabarain eta Mikel Laskurain erreferente izan dira niretzat, beti. Ni hazi nintzen beraiek fikzioa egiten ikusten, bai telebistan, bai antzokietan, eta euskaraz gainera. Beraz, plazer bat da bi figura hauekin lan egitea. Eta Oihanarekiko, beste hainbeste esango dut. Nire adin ingurukoa izan arren, beti ikusi dut euskarazko fikzioari lotuta, eta bera ere erreferente izan da niretzat. Onenez inguratuta egon behar dela esaten da, eta saiatzen naiz hori egiten.
Lan talde bikain batetik, beste batera. Aitziber Garmendiarekin Arizona estreinatu berri duzu. Zer konta dezakezu?
Entsegu prozesua, normala izan da, barre pila bat egin, gozatu… gero, dudak sortzen joaten dira errepikapenaren errepikapenez… eta iritsi zen momentua, publikoaren beharra genuela. Barakaldon egin genuen estreinaldia, eta ohi den bezala, azkeneko asteetan oso urduri egon naiz, baina ilusio handiarekin.
Eta Aitziberri dagokionez, zer esango dizut ba… Lehen ere esan dut onenez inguratzen ahalegintzen naizela, eta Aitziber da onena. Talentu natural propioa du, eta ikaragarri errespetatzen du bere lana. Ez dut horrelako besterik ezagutu. Niretzat, Aitziberrekin lan egitea da, sekulakoa! Berriz ere jolas ordua, guretzat hori baita.
«Tragediak transmititzeko erremintarik onenetako bat izan daiteke umorea»
Zer espero dezake ikusleak?
Arizonak publikoak gugandik espero duen horretatik urruntzen gaitu. Horregatik, erronka berri bat da guretzat. Dena den, momentu askotan, gure betiko estiloarekin oso identifikagarria izango da.
Oso aktualitatean dagoen gai bat planteatzen duzue.
Herrialdeen arteko mugak, hain justu, Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan gertatzen ari denarekin, Trumpen eta bere lagunen zirku horrekin, momentua ezin zen egokiagoa izan, agian, tamalez. Abiapuntuan, Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon Plazaola) daude, Arizonako mugaraino heldu eta misio bat bete nahi dutenak: bizilagunengandik banatzen dituen mugaraino joan, eta hura defendatzea.
Umoretik, baina hausnarketara gonbita eginez.
Bai, hala da! Tragediak transmititzeko erremintarik onenetako bat izan daiteke umorea. Nola egin genezake horrelako mezu basati bat erakargarri bihurtzeko? Ba komediaren bitartez.