‘Urtarrila, matematikaren bila’ zikloaren azken hitzaldia izango da ostiralean
Artea, geometria eta diseinu harrigarriak izango ditu hizpide Maria Garcia Monera dibulgatzaile eta matematikariak.
Lemniskata zientzia sare herrikoiak antolatutako Urtarrila, matematikaren bila hitzaldi zikloaren azkenengo saioa izango da ostiral arratsaldean. Maria Garcia Monerak egingo du hitzaldia, Esculturas geometricas con papel y tijeras izenburupean. Hitzaldi honetan, geometria diferentzialean adituak, matematikaren eta artearen arteko harreman harrigarria azalduko du, soilik papera eta guraizeak erabiliz egitura sinesgaitzak nola sor daitezkeen erakutsiz. Hitzaldia, Igartza jauregian izango da, eta 19:00etan hasiko da.
Hamar urteotako onena
Gainera, ekitaldi berean, azken 10 urteotako matematika argazki lehiaketetako argazkirik onena aukeratzeko bozketak jakinaraziko dituzte. Gogoratu, halaber, Igartzako jauregian ikusgai dagoela azkeneko matematika argazki lehiaketaren lagin bat. 2024an aurkeztu ziren argazki guztien artetik aukeratutako 40 argazkiekin osatu dute erakusketa. Otsailaren 5era arte egongo da Beasainen ikusgai. Ondoren, Ordiziako Barrena kultur etxean ipiniko dute.