Aizkorri jubilatu elkartearen egoitza ireki dute gaur arratsaldean
Jende ugari elkartu da egoitza berria bertatik bertara ikustera. Aurreskua, zinta moztea eta bertsoak izan dira ate irekieraren aurretik. Ondoren, mokadutxoa eskaini diete bertaratutakoei.
Aizkorri jubilatu elkartearen egoitza berriaren irekiera ekitaldia egin berri dute gaur arratsaldean Zegaman. Sebas Lujanbio Aizkorri elkarteko lehendakariak, Iker Zubeldia Zegamako alkateak eta Nagore Arrieta zinegotziak egin dute zinta moztea, aurreskua dantzatu ostean. Alkateak bertso pare bat kantatu ditu ateak ireki aurretik. Herritar ugari bildu da inaugurazio ekitaldira eta afari merienda batekin borobildu dute gaur arratsaldeko ekitaldia. Balio anitzeko eremu modernoa izango dute erabilgarri, hemendik aurrera, Zegamako adinekoek.
Jubilatuen egoitza berria, Haizea taberna zenean egokitu dute. Zegamako Udalak 2023 urtearen amaieran erosi zuen lokala, 160.000 eurotan. Berrikuntza lanak pasa den urteko ekainean hasi zituzten eta orain 15 bat egun amaitu dituzte. Dena arkitektura estudioak egin ditu lanak eta guztira, 240.000 euroko kostua izan dute.
Iker Zubeldia Zegamako alkateak adierazi duenez, bertan egin dena “taberna edo elkarte soil” bat baino gehiago da. Udalak aurretik egindako zaintza planaren ondorioetako bat izan da egoitza, “adin batetik aurrerako herritarrek gurea bezalako herri txikietan elkarrekin sozializatzeko duten arazoari irtenbide bat emateko bilgune edo topaleku bat izango da”, adierazi du.
Berrikuntza integrala
Dena Arkitekturako Unai Arakamak adierazi duenez, egoitza berriaren proiektua Aizkorri jubilatu elkarteko kideekin elkarlanean landu dute, “hasieran proposamen bat luzatu genien, eta berain beharren eta eskaeren arabera moldatuz joan gara proiektua”, esan du.
Lokala osorik berri dute, “intsonorizaziotik hasi eta instalakuntza eta banaketa berriak egiteraino”, zehaztu du arkitektoak. Guztira, 90 pertsonentzako edukiera du lokal berriak, “elkartzeko espazio orokor bat du, sukalde bat eta barra bat. Bulego bat eta bilgune bat ere baditu eta bi komun, bat ezinduentzako egokitutakoa”.
Akustika eta efizientzia energetikoan oinarritutako lana izan da, “isolamenduei eta leihoei garrantzia handia” emanez, alde batetik. Bestetik, ekipamenduei dagokienean ere “ura berotzeko sistema eta aire girotuarena aerotermiazkoa da eta haize berrikuntza sistema ere bero errekuperatzaile batekin jarri da, bero galerak murrizteko”. Instalazio elektriko guztia ere berritu dute, kontsumo baxuko argiak jarriz.
Amaitzeko, lokalaren eraberrikuntza udalak inguru horretan adinekoentzako dauzkan planen “lehendabiziko urratsa” dela aurreratu du Arakamak, “eremu honetan beste ekintza batzuk egitea aurreikusten baita etorkizunean”.