Axaria Idiazabalen dago
Idiazabalgo Kirol Elkarteko mendi saileko Lurdes Mintegik, Alixi Arrizabalagak, Lurdes Intxaustik eta Jon Esnaolak egin dute pregoia festei hasiera emateko, eta Axaria jaitsi dute gero. Aurrez, haurrek playback-ak egin dituzte Igarondo pilotalekuan.
Aurreko asteburuan jada ekitaldi ugari izan bazituzten ere, gaur hasi dira modu ofizialean Idiazabalgo San Blas jaiak. Arratsaldean Aita Iparragirre eskolako umeek playback-ak egin dituzte Igarondo pilotalekuan, eta txokolatada egon da plazan. Ondoren, Idiazabalgo Kirol Elkarteko mendi saileko kideek pregoia bota dute, eta Axaria jaitsi dute udaletxetik plazara. Txupinazoa botata eta Axaria herrian egonda, festei ekin diete idiazabaldarrek.
Aurten 40 urte bete ditu Idiazabalgo Kirol Elkarteko mendi sailak. Lurdes Mintegik, Alixi Arrizabalagak, Lurdes Intxaustik eta Jon Esnaolak saileko kideek izan dute pregoilari izateko ohorea. Mendiak eta mendizaletasunak eskaini dizkien onurak eta esperientziak partekatu dituzte udaletxeko balkoian. Txistulari taldeak lagunduta, herritarrekin batera ‘Ikusi Mendizaleak’ abestu eta zapia jantzi dute. Txupinazoak bota dituzte eta jarraian buruhandiak gazteen atzetik korrika atera dira.
Playback-ak, pilotalekuan
Horren aurretik, eskolako haurren playback emanaldiak izan dira. Plaza Nagusian izan ohi dira, baina aurten Igarondo pilotalekuan egin dute ekitaldia. Mailatan banatuta, taldeka atera dira haurrak dantzara. Harmailak herritarrez bete dira, eta bertatik udaletxera abiatu dira Axaria jaisten ikusteko.
Oraindik bost egun dituzte aurretik jaietaz gozatzeko. Gaur helduen danborrada ere izan da, eta gauean Añube eta Nafarroa 1512taldeen kontzertua eta erromeria Mugi Panderoa taldearekin. Bihar mozorro eguna da.