Gaintzako Ertotxe etxea, herriaren jabetzakoa izateko bidean
Urtarrilaren 18ko batzarrean egin zuten bozketan erabaki zuten etxea erostea. Hitzarmena adosteari ekingo dio udalak.
Gaintza Egiten herriko erabakien parte izateko asmoarekin jaio den parte hartze prozesu bat da, herritarrak informatuta egoteko sortu den hileroko agerkari digitalaz gain, batzarrak egin eta erabakiak hartzeko espazioa dena. Pasa den urtarrilaren 18an egin zuten azken batzarra, eta Jon Gorrotxategi alkateak adierazi duenez, herritarrak «oso eskertuta» azaldu ziren. Ertotxe etxea herriaren jabetzakoa izateko pausoak eman dituzte, herritarrek erostearen alde bozkatu ondoren.
Alkateak azpimarratu du herritarrek «adostasun zabala» azaldu zutela erakutsitako kontuekin eta hartutako erabakiekin, eta, herritarrak batzarretik «oso gustura» atera izana baieztatu du, batez ere «informazio zuzena jasotzegatik eta erabakietan parte hartzeagatik». Denera, 31 herritar hurbildu zirela esan du, eta udaletik egiten duten balorazioa «oso positiboa» dela, hainbeste herritar elkartzeak «balio handia» baitu herrian. Uda aurretik beste saio bat egitea aurreikusten dute.
Ertotxeren proiektua
Denera lau gai jorratu zituzten: lehenik, legealdiak orain arte eman dituenak azaldu ziren; bigarrenik, Gaintzan betidanik oso sentitua izan den Ertotxe etxearen inguruko azalpenak eman zituzten, aspaldikoak baitira Erretore etxea herriaren jabetzakoa izateko egin diren ahaleginak, baina oraingoan alkateak esan du 2024an egindako negoziaketa prozesuak etxea erosteko aukera eman diola udalari. Hala, erosketa baldintzak aipatuta, herritarren artean bozketa egin zuten, eta emaitza erostearen aldekoa izan zenez, hitzarmena adosteari ekingo dio udalak.
Aurrekontuen %23 inbertsioetarako
2025eko aurrekontuen gaia izan zen jorratutako hurrena. Proposamena aurkezteaz gain, berrikuntza nagusiaren berri eman zuten: 1994an adostutako foru funtsaren banaketaren portzentaiak indarrean jarri direnez, Gaintzak jasoko duen diru kopurua igo egin dela. Hala ere, Gorrotxategik azaldu du oraindik ere udalaren dependentzia ekonomikoa «erabatekoa» dela, «sarreren %11 soilik da zerga eta tasa bidezkoa».
Hala, urte berrirako inbertsioetarako %23ko aurrekontua izango dute, eta, besteak beste, Ertotxe erosteko partida, lurra enkante bidez erosteko partidak, eta herriko bideak konpontzeko partidak aurreikusten dituzte.