Goierriko Caritasek Botika solidarioak ekimena jarri du martxan
Caritasen jarduera ezagutaraztea eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzea du helburu. Goierriko farmaziei ekimenera batzeko deia egin diete.
Goierriko Caritasek Botika Solidarioak izeneko ekimena abiatu du. Tokiko merkataritzaren eskutik sortutako proiektua da, eta bere helburu nagusia Caritasen jarduera ezagutaraztea eta pobrezia eta gizarte-bazterketa eragiten dituzten errealitateei buruz sentsibilizatzea da.
Formatu sinplea du ekimenak. Dinamikara batzen diren establezimenduek Botika Solidarioa izendapena hartu dute, eta hori adierazten duen kartela jarriko dute lokalean. Horrez gain, dohaintza boluntarioak egiteko itsulapikoa jarriko dute. Goierriko Caritasen konpromisoa da bildutako diru guztia erakundearen laguntza jasotzen duten pertsonek behar duten medikazioa erosteko erabiliko dela. Beasaingo Elosegi Farmazia da ekimenera batu den botika.
Farmaziei deialdia
Goierri Caritasek eskerrak eman nahi dizkio Eukene Lekuona diseinatzaile grafiko ordiziarrari, hark diseinatu baitu Botika Solidarioak logoa eta kartela, doan, eta Foto Ordiziari ere, kanpainaren materiala inprimatzen lagundu baitio Caritasi.
“Ekimen hau oso interesgarria dela uste dugu, gizarte-justiziaren aldeko lanean eragile berriak batzen dituelako eta, horrez gain, erakundearen lana ikusgai jartzen duelako. Gainera, osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea Caritasek pertsona zaurgarriei laguntzeko egiten dituen jardueren printzipioen artean dago”, nabarmendu du.
Era berean, Goierrin farmaziei ekimenera atxikitzeko deia egin die Caritasek.