Beasain eta Debagoiena garraio publikoaren bidez lotzea aztertzen ari dira
Leire Artola Beasaingo alkatea, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin bildu da berriki, goi mailako ikasketa zentro horretako ikasleen eta langileen mugikortasuna aztertzeko, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin.

Testuinguru horretan, irailean ere biltzeko aukera izan zuten. Bertan, besteak beste, Lurraldebusen etorkizuneko lineak Goierri eskualderako izango duen garrantzi estrategikoa eta inguruko gazteek Arrasateko Unibertsitateko campusera joateko dituzten zailtasunak aztertu zituzten. Bertara, egunero 3.500 pertsona baino gehiago mugitzen dira, ikasleen eta langileen artean.
Bilera horren ondorioz, diputatuak unibertsitateko arduradunekin bilera bat egiteko konpromisoa hartu zuen.
Hitzorduan, unibertsitateak duen mugikortasun plana eta egiten ari diren eguneratzeak ezagutzeko aukera izan dute. Era berean, diputatuak konpromisoa hartu du Unibertsitatearen ekarpenak jasotzeko.
Gainera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Unibertsitateak helaraziko dizkion gaur egun ematen den zerbitzuaren inguruko proposamen zehatzak aztertuko ditu, ahal den neurrian, dauden beharretara egokitzeko.
Leire Artola, Beasaingo alkatea, honako hau adierazi du: “Beasain eta Debagoiena lotuko dituen garraio publikoa jartzea garrantzitsua da. Partecar udal egitasmoak erakutsi du Debagoienak duen pisua beasaindarron joan etorrietan. Herritarren behar horiei erantzuteko asmoz dator Beasain eta Goierri, Debagoienarekin lotzeko garraio publikoaren eskaera, aldi berean, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eginaz”.