Ioritz Imazek eta Janire Agirrek irabazi dute 36. San Blas txirrindulari lasterketa
Bigarren egin dute Xabier Agirrek eta Ainhoa Markinezek eta hirugarren, Aitor Zuriarrainek. Guztira, 29 helduk eta 89 haur eta gaztek hartuko dute parte gaurko lasterketan.
San Blas jaien azken egunak zukutzen ari dira Idiazabalen. Jaietako egun handia ospatzen ari dira gaur, San Blas eguna Ohitura denez, kanpai bueltako eta erroskillen bedeinkazioarekin hasi duten eguna eta goizean zehar jokatu da, baita ere, 36. San Blas txirrindulari lasterketa. Helduen artean Ioritz Imaz izan da helmugaratzen lehena; Xabier Agirre bigarren —azken bi urteetako irabazlea— eta Aitor Zuriarrain, hirugarren. Esprint bereziaren saria Ander Bigurirentzat izan da aurten, Ampo saria Ibai Urkiak jaso du mendiko saria Josu Urrestarazuk, gazteenari saria Julen Balerdik, beteranoenari saria Xabier Intxaustik eta lehiakorrenari saria, berriz, Ander Gorrotxategik. San Blas lasterketan azkenak ere saria izan ohi du eta aurten Iñaki Imazi egokitu zaio. Nesketan, berriz, Janire Agirre izan da azkarrena eta Ainhoa Markinez, bigarren. Guztira 29 bat idiazabaldarrek hartu dute parte.
Haurren mailetan kopurua handiagoa izan da eta aurten 89 haur eta gaztek hartu dute parte lasterketan. Adinka banatuta LH 1. eta 2. mailako sariak Noa Ziani eta Beñat Galarragarentzat izan ziren ; LH 3. eta 4. mailakoak Uxue Aldasoro eta Aratz Mendizabalentzat eta Lh 5. eta 6. mailakoak Aiora Alberdi eta Lizar Erguinentzat. DBH 1. eta 2. mailan, Izar Etxezarretak bakarrik hartu zuen parte eta harentzat izan zen saria. Mutiletan aldiz, Unax Mujika izan zen irabazlea eta Xaber Murua, bigarrena. Maila bakoitzeko lehendabiziko hiru sailkatuek trofeoak jaso zituzten saritzat, baina domina eta gozoak izan ziren parte hartzaile guztientzat.
800 lagunentzako paella
Astelehena izanagatik jende ugari bildu da herriko txirrindularien norgehiagoka bertatik bertara ikustera. Helduen lasterketari 12:00etan eman diote hasiera. Herriko plazatik aterata Benta Txiki eta Ampoko biribilgunetik igarota, zazpi itzuliko zirkuitua osatu behar izan dute txirrindulariek. Laugarren bueltan Amporaino igo dira, eta han erabaki da Ampo sariaren jabea nor izango zen. Haurren lasterketak 11:00etan hasi dituzte eta hiru ibilbide osatu behar izan dituzte, adinka banatuta.
San Blas eguna elkartzeko aitzakia ere bada idiazabaldarrentzat eta horren erakusle da, urtetik urtera horren arrakastatsua izan ohi den paella jana. Plazan goiz osoan zehar jardun dute paella erraldoiak prestatzen, izena eman zuten 800 pertsonei ondoren, jaten emateko. Egun horretako beste klasiko bat den kuadrillen arteko jolasek eta iluntzeko Joselu Anayak taldearen kontzertuak borobilduko dute gaurko eguna.
Biharkoa, azkena
Biharkoa despedida kutsuko eguna dute idiazabaldarrek; baina egun osoa dute oraindik aurretik Axaria hurrengo urtera arte despeditzeko unea iritsi bitartean. Toka txapelketa eta oskol biltze saioarekin hasi dute gaur eguna; 11:00etan musika eskolako trikitilariekin kalejira izango da eta eguerdian (12:00) hamaiketakoa eta bertso saioa plaza nagusian, Iker Zubeldia eta Alaia Martinekin.
Santa Ageda bezpera izanik, kopla kantuan aterako dira kalera Kantu Jira taldeko kideak. 17:00etan abiatuko dira kalejiran eta plaza nagusian amaituko dute. DJ Kaktusen musika emanaldia 17:30ean hasiko da plazan eta Segurako talogileak postua irekiko dute 18:00etan. Axariaren igoera 19:30erako dago aurreikusita.
Argazkiak: Arkaitz Apalategi eta Josune Zarandona