Irizarren 11 autobus elektriko Luxenburgora
Emilie Weber Luxenburgoko operadoreak Irizar e-mobilityra jo du berriro ere autobus elektrikoak erosteko.
Voyages Emilie Weber taldeak Irizar e-mobilityrengana jo du berriro ere autobus elektrikoak erosteko, eta 11 autobus %100 elektriko erosi dizkio. 2019an erosi zituen 21 unitateei gehitu zaizkie autobus berri horiek. Irizar ie bus da berriz ere aukeratu duen modeloa. 9 autobus 12 metrokoak izango dira eta beste biak 18 metrokoak. Unitate horiek 2025aren amaieran entregatzea aurreikusten da.
“Emile Weber bezero garrantzitsua da Irizar e-mobilityren historian, 2018an jada gugan konfiantza izan eta elektromugikortasunerako genituen soluzioak erosi zituen lehen operadoreetako bat izan baitzen, eta orduan ehun ibilgailu inguru baino ez genituen fabrikatuta. Oso eskertuta gaude berriz ere gugan konfiantza izateagatik, eta espero dugu beste urte askoan haiekin elkarlanean jarraitzea eta elkarrekin mundu hobe bat eraikitzen jarraitzea.”, esan du Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.
Ibilgailu horiek Irizarren NMC 3.0 azken belaunaldiko bateriak izango dituzte eta segurtasun estandar gorenak beteko dituzte GSR2 araudi berriaren esparruan. Gainera, prestazioetan hobekuntza nabarmenak izango dituzte trakzio kate berri bati esker.
Voyages Emile Weber taldea Luxenburgoko bidaiari garraio konpainia handienetako bat da Irizar taldearen esanetan: “Garraio zerbitzu bikaina eskaintzen duena eta arrakastatsua izatea ahalbidetzen dioten balioak dituena: kalitatea, erantzukizun zentzua, tradizioa eta berrikuntza”.