Elikagaiak eta gizonezkoen arropa behar ditu Hotz Legazpik
Larunbatean bilketa egingo du Azokan, 09:30etik 14:00ak arte. Laubideko Eroskin eta Bm dendan ere utzi daiteke janaria. Eskoletan ere egin dute eskaria, 'Ikasle bat, kilo bat' lelopean.
Hotz Legazpik bat egin du Zaporeak elkartearekin eta Donostiako Hiritarron Harrera Sarearekin, eta larunbatean, hilak 8, janaria eta gizonezkoen arropa bilduko du. Boluntarioak Azokan egongo dira 09:30etik 14:00ak arte legazpiarren ekarpenak jasotzeko.
Ohiko elikagaiak eskatzen dituzte oraingoan ere. Arroz luzea, pasta, babarrunak, garbantzuak, dilistak, olioa, esnea eta atuna edo sardinak bezalako arrain kontserban behar dituzte. Janaria Greziara bidaliko dute Zaporeak elkartearen bidez, Lesbos uharteko Karatepe errefuxiatu eremuan prestatzen dituen bazkarietarako. «Egunero 2.000 anoa baino gehiago prestatzen dituzte, eta pertsona ahulenei banatzen diete: haurdun dauden emakumeei, haurrei, gaixoei, eta familiarik gabeko adin txikikoei. Elikagaien beharrak izugarriak dira. Gure elkartasuna behar dute».
Arropari dagokionez, Donostiara joango da, eta gizonezkoena behar dute, S eta M tailatako prakak, txamarrak, txandalak eta jertseak, eta galtzerdiak, txanoak, bufandak eta eskularruak, arropa garbia, eta egoera onean dagoena. Mantak ere behar dituzte.
Dendetan eta eskoletan
Larunbatean ezin duenentzako, Hotz Legazpik beste bi bilketa puntu ere egokitu ditu Laubideko Eroskin eta Fleming Doktorea kaleko BM dendan. Karroak daude jarrita bi dendetan, eta bertan egin daiteke janari ekarpena larunbatera arte.
Bestetik, herriko eskoletan ere egingo du bilketa Hotz Legazpik, Ikasle bat, kilo bat lelopean, ostiralera arte. Ikasleei arroz luzea, pasta eta egosi gabeko babarrunak eta garbantzuak eskatu dizkiete.
Boluntario izateko
Larunbateko elikagai eta arropa bilketan laguntzeko prest dagoen jendea ere behar dute. Boluntario lan hori egin nahi duenak hotzlegazpi@gmail.com helbidera idatzi dezakete.
Bilketan lagunduta edo janaria eta arropa emanda, “bakoitzaren ekarpen aletxoarekin izugarrizko elkartasun uzta lortuko dugu”.