Oiangu baserria birgaitu eta erabilera anitzeko aretoa egokitzeko lanak hasi dira
Europako Next Generation diru laguntza lerroaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatutako proiektua izango da.
Oiangu baserriak “erabilpen berria izango du hemendik aurrera”. Europako Next Generation diru laguntza lerroaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatutako proiektua izango da.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak baserriaren atarian eman ditu bederatzi hilabete iraungo dituen obren xehetasunak. “Oiangu parkeko baserria, aterpetxea eta ondoko eraikina birgaitzeko lanak” egingo dira. “Europako Next Generation diru laguntzetatik turismoaren lerroan lortutako laguntzarekin lotuta dago. Turismoko lerroan lortutako diru laguntzaren erdia izango litzateke gutxi gorabehera”.
Birgaitzeak
Proiektu horren bidez, batetik, aterpetxea berreskuratuko da, baserria birgaituta. “Beheko solairua dagoeneko esan dezakegu egokituta zegoela, bai taberna eta bai jatetxerako. Baina goiko solairuak ez. Aterpetxe bezala funtzionatzeko birgaituko da. Aurretik ere funtzionatu zuen baina ez zituen baldintzak betetzen irisgarritasunari dagokionez eta turismoak ezartzen duen araudiari dagokionez”.
Lehenengo solairuan sei gela egokituko dituzte. Hamalau oheko bi logela, sei oheko lau, eta bi gela bikoitz. “Komunak aparte izango dituzte. Espazio komun bat ere egokituko da”. Eraikinaren solairu guztiak lotuko dituen igogailua jarriko dute.
Kanpoko beste eraikinean, “bere garaian martxan jarri ez zen golferako egin zen eraikin honekin”, eraikinean bi espazio birgaituko dituzte. Alde batetik, baserri aldean, “estalitako espazio ireki bat egokituko da, Oiangu parkean antolatzen diren ekintza ugarirentzako espazio bat lortuko da horrela”. Eta betetik, balio anitzeko gela bat egokituko da, ikasgela, auditorio, edo sukalde tailerretarako urte guztian zehar erabili ahal izango dena. Bi espaziotan, “Natur Eskola ekimenak jarraitzea da helburua”.
Energia eraginkortasuna
Birgaitzeen beste helburuetako bat, “eraikinen energia eraginkortasuna hobetzea da”. Horretarako, biomasa galdara berri bat jarriko dute, balio anitzeko eraikinaren teilatuan eguzki panel fotovoltaiko berriak jarriko dira eta lehendik zeuden eguzki plaka termikoak berreskuratuko dira. Era berean, “eraikinaren isolamendu termikoa hobetuko da”.
Proiektuaren ardura UTE Iparragirre-Oiangu aldi baterako enpresa elkarteari eman zaio eta egunotan hasi dituzte lanak. “Lanen esleipena 1.228.000 eurokoa izan da, da gehi %21-eko BEZari dagozkion 257.880 euro, guztira 1.485.880 euro (BEZ barne). Kopuru osoa Next Generation diru laguntzen bidez finantzatuko da”.
Lanak amaitzeko epea bederatzi hilabetekoa da. “Udazkenerako bukatuta izatea aurreikusten da”.
Oianguren biziberritzea
Obra guzti horiekin, “Oiangu parkearen berreskuratzea eta biziberritzean urrats garrantzitsu bat emango da, eta aukera berri eta ekonomikoago bat eskainiko zaie Ordizia eta Goierrira datozen bisitariei. Gainera, Oianguk duen kokapen ezin hobea ikusita, ikastetxeekin aste barruko egonaldiak ere egin ahal izango dira bertan”, nabarmendu du Ezenarrok.