Elkar-Ekin Lanean programaren aurkezpena, otsailaren 13an
Lan mundura gerturatzeko 2025-2026 formakuntza planari buruzko azalpenak emango dituzte Goiekin. Enplegu programa honen helburu nagusia eskualdean "egoera ahulean dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea da", eta, aldi berean, "pertsona horien gizarteratzea eta laneratzea sustatzea".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoak departamentuak (% 85) eta Goierriko udalek (% 15) bultzatu eta finantzatzen duten egitasmoa da Elkar-Ekin Lanean. Enplegu programa honen helburu nagusia eskualdean “egoera ahulean dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea da”, eta, aldi berean, “pertsona horien gizarteratzea eta laneratzea sustatzea”.
Hainbat eragileren arteko elkarlanaren emaitza da. Caritas Goierri, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Prospektiker, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Biok Zerbitzuak, eskualdeko gizarte langileen ordezkaria eta Goiekik hartzen dute parte. “Talde ahulei prestakuntza, praktikak, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko lan egiten dugu, lan-mundura errazago sar daitezen eta, aldi berean, Goierriko gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu dezan”.
2023-2024an 189 lagunek hartu zuten parte lorezaintza, garbiketa, ehungintza eta zaintzako prestakuntzetan; horietatik 95 pertsona izan dira gaituak eta 51k praktikak egin zituzten, ondorioz 50 parte-hartzaileen laneratzea lortuz.
2025-2026 egitasmoa
Aurtengo formakuntzan, lorezaintza, sukaldaritza eta zaintza eskainiko dituzte. “Prestakuntza ibilbide guztiak, eskualdeko enpresa publiko edo pribatuetan praktikak eginez amaitzen dira”. Gainera, gai edo osagarri berriak sartu dituzte. Batetik, gaitasun soziolaboraletan, parte hartzaileek, Ede Fundazioarekin, trebetasun pertsonalak, profesionalak eta lana bilatzeko trebetasunak landuko dituzte.
Bestetik, sukaldaritzako formakuntzan, Goierriko oinarrizko kontzeptuei buruzko prestakuntza jasoko dute eta elikagaien manipulatzaile titulua lortuko dute Goiturren eskutik.
Era berean, Amaia Aierbe nutrizionista ataundarrak, adinekoen ongizatearekin lotutako gaiekin osatuko du zaintzako prestakuntza, elikadura, nutrizioa eta ariketa fisikoa barne.
Gainera, “hitzarmen osoan zehar, Biok Zerbitzuak Elkar EKIN Lanean programako kideentzako atzerritartasun lege aholkularitza zerbitzua eskainiko du”.
Aurkezpen saioak
Formakuntza ibilbide guzti horien berri emateko, aurkezpen saioak antolatu dituzte, otsailaren 13an, 10:00etan eta 15:00etan. Aurrez izena ematea komeni da, 943 16 18 31 telefono zenbakira deituta.