Uribetxeberria anaiak, gaztetxera korrika ostiralean
Legazpiko bi korrikalariekin solasaldia antolatu dute. Joseba Villarrealek gidatuta, mendi lasterketen inguruan hitz egingo dute.
Korosti Trail mendi lasterketaren antolatzaileak eta Legazpiko Gazte Asanblada berriz elkartu, eta mahai inguru bat antolatu dute ostiralerako, etzirako. Jokin eta Iñigo Uribetxeberria anaiak izango dira gonbidatuak, mendi korrikalariak biak eta iazko denboraldian oso emaitza onak lortutakoak.
Joseba Villarreal moderatzaile dela, lorpen horien inguruan eta mendi lasterketen inguruan jardungo dute bi legazpiarrek. Hitzordua Gaztetxean izango da, 18:30ean. Solasaldiaren ondoren, pintxo-potea izango da.
Korosti inguruan hasita
Jokin da zaharrena 33 urterekin, eta Iñigok 32 ditu. Mendi lasterketak egiten dituzte biek, baina ez dira beti kirol horretan jardun. «Umetatik izan dugu mendizaletasuna etxean, betidanik ikusi dugu etxean», azaldu du Jokinek. Baina unibertsitate garaian baztertu egin zuten, «mendira joateak goiz esnatzea eskatzen zuelako batez ere». Gainera, beste kirol batzuk praktikatzen zituzten, eta Jokin saskibaloian zebilen Andraitzen, eta Iñigo eskubaloian La Sallen.
Saskibaloia eta eskubaloia utzi zutenean, 23-24 urterekin, orduan hasi ziren mendian korrika: «Korosti aldean lehenengo, gero Lakiolako buelta egiten genuen, Arrolara…». Elkarrekin entrenatzen hasi ziren bi anaiak, baina orain gazteena kanpoan bizi da, Ibarran, eta ez dute horretarako aukerarik. Jokinek Legazpi aldean entrenatzen du, eta Iñigok Tolosaldean.
Entrenamenduen ondoren, lehenengo lasterketak. Jokin hasi zen lehenik, eta Iñigo ondoren. «2016an egin nuen lehenengo Behobia, eta hortxe hasiko nintzen mendian ere. Tonto-tonto, badira zortzi-bederatzi urte».
Lorpen handiak
«Tonto-tonto», Jokinek dioen bezala, eta lasterketaz lasterketa, titulu handiak lortu arte. Horrela, Jokinek berak, bigarren egin zuen 2023an Euskal Herriko Ultra Kopan, eta hirugarren iaz. Iñigok, berriz, Euskal Herriko Linea Kopa irabazi zuen iaz. Ultra probak 60 eta 90 kilometro bitartekoak dira, eta lineakoak, 25-30 kilometro artekoak.
Bi anaiak Euskal Herriko podiumean, eta bi anaiak Euskal Selekzioan. Jokinek Espainiako txapelketa egin zuen uztailean selekzioarekin, Asturiasen, eta Iñigok Gorbeia Suzien proban parte hartu zuen urrian.
Bakoitzak bere espezialitatea du, baina hainbat probatan kointziditu dute, Zegamako maratoian, adibidez, eta lehen, Jokin distantzia motzagoetan ibiltzen zenean, Goierriko lasterketa askotan ere bai. «Baina nik distantzia luzatu egin dut, Iñigo motzagoetan geratu da, eta orain ia ez dugu kointziditzen, bakoitzak geure helburuak ditugu».
Korosti Trailen lehen edizioan ez zuten bat egin. Iñigok ezin izan zuen parte hartu; Jokinek lehen legazpiarraren titulua eskuratu zuen. Aurtengoan biek parte hartzeko asmoa dute.
Korosti Trail, urriaren 12an
Iaz egin zen lehen aldiz Korosti Trail lasterketa Legazpiko mendietan zehar, eta lehen edizio haren arrakastaren bermearekin egingo dute aurtengoa ere. Data jarrita dute dagoeneko. Urriaren 12an, igandea, izango da bigarren Korosti Traila.