Argi Berri musa errekorraren bila
Ordiziako Argi Berri elkarteak antolatutako 46. mus txapelketa azkarra jokatuko da etzi. Sari nagusia 2.000 eurotik 3.000ra igo dute muslari berriak erakarri nahian.
Ordiziako Argi Berri elkarteak 1978. urtetik antolatzen duen mus txapelketa azkarra hutsik egin ezin den txapelketa horietako bat da Goierriko eta inguruko muslarientzat. Horixe adierazten dute 46 urteotan urtez urte parte hartu duen bikote kopuruak. 158 bikotetan dago errekorra, 2006an. Gutxien parte hartu duten urteak, 82 bikoterekin, 1985ean eta 2014an izan ziren. Iaz, Gipuzkoan jokatzen diren mus txapelketetan parte hartzerik handienekoa izan zen Argi Berrin, 124 bikoterekin.
Larunbatean, 16:30etik aurrera jokatuko denak, iazko kopuru hori gainditzeko osagaiak baditu. Argi Berri elkarteko Patxi Alonso eta Aitor Calvillo bazkideen esanetan, iaz dena izan zuten «aurka»: Realaren eta Osasunaren arteko derbia, inauteriak, hala moduzko eguraldia… Aurten, ez dago ez derbirik, ez inauteririk, eta eguraldi iragarpena ez da txarra. Gainera, «gozoki erakargarria» jarri dute aurten Argi Berrikoek: bikote irabazleak 3.000 euro jasoko ditu; iaz arte, 2.000 eurokoa izan zen sari nagusia.
Muslari gehiago erakartzeko ahalegina egitea erabaki dute Argi Berrin, saria hobetuta. Alonsoren esanetan, «apustu hori jendea erakartzeko» egin dute: «Diruagatik jende asko mugitzen da. Ikusmina sortu da». Eta dirudienez, lortu dute inguruan sumatzen den giroagatik. «Erakargarri izateko helburu horretan beti aitzindariak izan gara. Sari kopurua igotzen beti izan gara aitzindariak. Zorionez, beste txapelketa batzuk ere, helburu bera dutenak, aurten esan digute ea erotu garen… 2.000 eurotik 3.000 eurora igotzeagatik», gaineratu du Calvillok.
Muslarien fideltasuna
Muslari kopuruaren aldetik arrakastatsua izan ohi da Argi Berriko musa, baina Calvillorentzat arrakasta, muslarien fideltasuna da. «Batzuk badakigu sariagatik etortzen direla, eta beste batzuk gizarte ekintzagatik». Biltzen duten dirua gizarte elkar ekintza baterako erabiltzen baitute. «Irabaziak ez dira elkartearentzat». Beraz, argi dute: «Orain arte erantzun badute, erantzuten jarraituko dute eta ea beste muslari batzuengana iristen garen».
Badaezpada ere, errekorrerako prestatzen ari dira Argi Berrikoak. «Azpiegitura jarrita daukagu. Baina jende berria etorri behar bazaigu 3.000 euroren bila, epaile kopurua igoko dugu, arreta gehitu eta tabernako zerbitzua ere handiagoa izango da».
Zozketa 16:30ean
Larunbatean 15:30ean irekiko dute izena emateko epea eta 16:30ak «puntuan» hasiko da zozketa elkartearen kanpo aldean. «Hasieran zozketa naturala egiten zen. Hau da, bikote zozketa egin eta lehenengo txandako partida guztiak bukatutakoan, berriz ere zozketa egiten zen. Horrela luzatu egiten da. Gaur egun, koadro sistemarekin, bidea markatuta dago finalera arte. Erakutsi digu bai parte hartzaileentzat onuragarria dela, eta baita antolatzaileentzat ere».
Parte hartzaile guztien artean arkume bat zozketatuko dute eta gainerako sariak hauek dira: irabazlearentzat 3.000 euro eta Kiko-Enea tabernak emandako txapelak; bigarrenak 1.000 euro; hirugarrenak 500 euro; laugarrenak 250 euro, bosgarrenak Xixio Mujika harategiak emandako arkume bat eta bi txuleta; seigarrenak Kuko jatetxean bi afari eta Iñaki Azurmendi harategiak emandako bi txuleta; zazpigarrenak, lau afari Ordizia hotelean; eta zortzigarrenak lau afari Tximista sagardotegian. Elkarteko lehenengo bikoteak, Zeberio harategiak emandako bi txuleta jasoko ditu eta herriko lehen bikoteak, bi afari Herrikoan.
Bikoteko 50 euro ordaindu beharko dituzte muslariek.
Partidak auzoan
Mus azkarra izan da beti Argi Berrikoa. Hau da, partida bat galdutakoan, kanporatu egiten dira bikoteak. Hori bai, galtzen duten bikoteen artean partida inprobisatuak izaten dira Buztuntza auzoko tabernetan. «Onuragarria da hori, mus giroa auzoan zabaltzen delako».