Emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako zinema emanaldia
Gaur (osteguna), Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Aurkako Eguna da. Hori dela eta, ButaK 21 zineklubak eta Urola Garaiko Berdintasun sailak emakumeen genitalen mutilazioaren aurkako zine emanaldia antolatu dute, Haurralde fundazioarekin elkarlanean. Emanaldia 20:00etan izango da, Zelai Arizti aretoan. Haurraldek mutilazio hori ematen den tokietan lan egiten du. Haurraldeko Patricia Poncek gai horri buruz hitz egingo du eta bi pelikula emango dituzte: Poncek Jon Garañorekin egin zuen FGM film laburra eta Beryl Marokoren Womanhood. FGM Etiopian filmatu zuten eta Giza Eskubideen Zinemaldian saria jaso zuen. Womanhood filmari dagokionez, zuzendaria Kenyako herri txiki batekoa da eta mutilazioa helduarora igarotzeko pauso bat zela sinetsita hazi zen. Inork ez zion min fisiko eta emozionalaren berri eman. Ez daki kirurgia berreraikitzaileak hobeto sentitzen lagunduko dion. Dokumentalean, bere sentipenak mutilazioa pairatu duten beste emakume batzuekin partekatzen ditu. Baita bere amarekin ere, lehenengoz.