Hiruma, Goierri garaiko arimara bidaia
Hiruma marka sortu dute Goierri garaiak, Urola Erdiak eta Debagoienak, turismo eskaintza bateratzeko. Natura, ondarea eta tokiko produktuak dira lotura.
Hiruma izenarekin turismo marka berria sortu dute. Goierri garaiko lau herriek (Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Legazpi) osatzen duten Urola Garaiak, eta Urola Erdiak eta Debagoeinak sortu dute elkarlanean. Madrilen egindako Fitur turismo azokan aurkeztu dute, eta dagoeneko lanean hasita daude eskaintza turistiko bateratua osatzeko. Hiru eskualdeetako «hiru arimak» dira markaren ardatzak: natura, ondarea eta tokiko produktua. Marka berriaren leloa «Euskadiren arimara bidaia» da.
Gipuzkoa barnealdean kokatzen da Hiruma espazioa. Fiturren zehaztu zuten moduan, «euskal hiriburuetatik gertu dago, eta aparteko baliabide naturalak, ondare historiko baliotsua eta tokiko produktu gastronomikoak biltzen ditu». Hain zuzen, Hirumak, «barnealdeko erreferentziazko helmuga» bihurtu nahi du, eta «Gipuzkoako turismoa desestazionalizatu, eta fluxu turistikoak deslokalizatu, urte osoan bisitak eskainiz, eta turistak hain jendetsuak ez diren guneetara bideratuz». Hiru eskualdeetako baliabide turistikoak balioan jarriko dituzte marka turistiko bakar baten azpian, «banaka indarra galtzen» dutelakoan «bisitariak erakartzeko». Baita «aukera izateko Euskaditik kanpoko merkatuetan» ere.
Hiru tenpluak abiapuntu
Ignaziotar Lurraldearen eta Hiru Tenpluen Ibilbidearen inguruan hiru eskualdeek jorratutako elkarlana izan da proiektuaren abiapuntua, Urola Garaiko turismo saileko Nagore Gonzalez eta Amaia Reta teknikariek azaldu dutenez: «Baina bi produktu horien erlijio kutsua alboratu dugu, ikusten genuelako gai horrek ez zuela jendea erakartzen dagoeneko». Zenbakiek baieztatzen dute hori, gainera: «Antiora, adibidez, iaz jende gutxiago etorri zen aurreko urtean baino, eta eboluzioa hori izango da, geroz eta bisitari gutxiago; ikastetxeetako bisitak ere ez dira sartzen dagoeneko».
Marka berriak erlijiotik haragoko beste erakargarri batzuk proposatzen ditu ‘hiru’ kontzeptuaren inguruan: «Hiru eskualde garelako, eta abiapuntu nagusia den Hiru Tenpluen Ibilbideko Antioko baseliza eta Loiola eta Arantzazu santutegiak hiru erreferente handi direlako».
Hiru arima
Hiru elizen inguruan, hiru eskualdeek komunean dituzten hiru bereizgarri nagusiek osatzen dute markaren oinarria. «Gure hiru arimak dira: natura, ondarea eta tokiko produktua».
Goierri garaian, naturaren arima ingurune berdeak, paisaiek eta ibilbideek osatzen dute, Aizkorri-Aratz parke naturalarekin batera. Ondarearen arimaz hitz egitean, Ezkioko Igartubeiti eta Legazpiko Mirandaolako burdinola aipatzen dituzte bi turismo teknikariek adibide gisa, elizekin batera; «ondare erlijiosoa, industriala, kulturala… dena sartzen da». Produktu lokalen arima azoketan oinarritzen da bereziki, baina ez bakarrik kutsu gastronomikoarekin. «Justu hiru eskualdeotan ez dugulako produktu gastronomiko berezirik, Idiazabal gazta bezala». Azoken barruan, Santa Lutzi feria edo Artzain Eguna kokatzen dira.
Beste bi eskualdeetan ere badituzte arima bakoitzari lotutako produktuak eta baliabideak. Guztiak bateratuta eskaintzea da helburua.
Goierri garaian zer?
Hiruma erabat martxan jarri aurretik, Urola Garaiko turismo sailak beste erronka batzuk ditu, eta horietako bat Martxoaren 8ari begirako egitaraua da. Emakumeetan fokua jarrita, Zumarragako azokan, Igartubeitin eta Legazpiko Langileen Ibilbidean edo Fabrikan jarduera bereziak antolatuko dituzte.
Maiatzaren 23a, 24a eta 25a, berriz, erreserbatuta dituzte industria asteburuaren laugarren ediziorako. Industriari lotutako bisitak eta bestelako jarduerak prestatuko dituzte egun horietarako. Besteak beste, saskigintzak izango du lekua asteburuan, Aspaceren laguntzarekin.
Gainera, turismo adimendua ezartzeko prozesuan ere murgilduta daude.