Larunbatean jokatuko dira Beasaingo herri lasterketa eta lasterketa mistoa
Bealak taldeak antolatu du hamabosgarrenez. Parte hartzeko izena eman behar da herrikrosa.eus-en. Marimurumendi eta G2H probetarako dortsalak zozkatuko dira partaideen artean.
Lasterkariak prest daude Beasaingo Herri Lasterketaren eta Lasterketa Mistoaren edizio berri bat jokatzeko. Bealak taldeak antolatu du, hamabosgarrenez. Larunbatean izango da hitzordua, 17:00etatik aurrera.
Lasterketaren ibilbidea ondorengoa izango da: Kale Nagusitik abiatuko dira, eta Nafarroa etorbiderantz egingo dute. Handik, Igartza Oleta, Katea, eta Trenbide kaleak zeharkatu ondoren, Barrendain Plazan, Joan Iturralde kalea hartuko dute. Zaldizurretako biribilgunean sartu eta Gipuzkoa plaza aldera joango dira, eta J.M. Iturriotz kaletik, Kale Nagusira itzuliko dira. Bakarkako lasterkariek, hamar kilometroko zirkuitua egingo dute eta mistokoek bost kilometrokoa.
Izen-ematea herrikrosa.eus webgunearen bitartez egin behar da. Bikoteek 22 euro ordaindu behar dute, eta banakakoek 15. Proba hasi baino ordu erdi lehenagora arte egongo da irekita izena emateko web plataforman, baina probaren egunean 20 euro balioko du norbanakoen izen-emateak eta 30 euro mistoak.
Partaideen artean Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi mendi lasterketetarako dortsalak zozkatuko dituzte, besteak beste.
Bealak Trail
Bestalde, martxoaren 15ean, Bealak Trail Beasaingo lehenengo mendi lasterketa jokatuko da. Izen emateak zabalik daude, herrikrosa.eus webgunean.