Andraitz saskibaloi klubeko haur mailako mutilak, Gipuzkoako urrezko mailara igotzeko lehian
Ordiziaren aurka jokatuko du Domingo Agirreko kantxan, 18:00etan. Klubak deialdia egin die jarraitzaileei, taldea animatzera joateko.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/whatsapp-image-2025-02-06-at-22-38-55-1200x900.jpeg)
Legazpiko Andraitz saskibaloi klubeko infantil mailako mutilen taldeak partida garrantzitsua du bihar Ordiziaren aurka, txapelketaren hurrengo fasea maila bat gorago jokatzeko aukera duelako jokoan. Domingo Agirreko kantxan izango da partida, 18:00etan, eta irabaziz gero, legazpiarrek Zilarrezko maila utzi eta Urrezkoan jokatuko luke ondoren, Gipuzkoako infantil mailako txapeldun izateko aukerekin.
Legazpiarrek amaitu berria dute Zilarrezko Errendimenduaren mailako txapelketako lehen fasea, eta bere multzoko lehen postua lortu dute 14 partida irabazita, aldeko 1.001 punturekin, eta aurkako 480 punturekin. Batez beste, partidako 71,5 puntu alde sartu eta 34 puntu aurka jaso dituzte.
Larunbateko partidan aurkari izango duen Ordizia Urrezko Errendimenduaren kategoriako seigarren sailkatua izan da. Partida bakar horretan erabakiko da Ordizia Urrezkoan geratuko den, ala Andraitz igoko den.
Urrezko mailara igoz gero, Andraitzek Gipuzkoako txapelketa izango luke jokoan. Baina partida galduz gero, Zilarrezko kategorian jarraituko luke, eta Urrezko kategoriako 7. eta 8. sailkatuekin batera, Gipuzkoako txapeldun izateko hautagai izango litzateke Zilarrezko Errendimenduko Gizonezko infantilen kategorian.
Ordiziak talde zaila izango dela jakitun dira jokalariak eta entrenatzaileak, baina azken hauen iritzitan, txapelketako lehen fasean erakutsi duten joko mailari eusten badiote, aukerak badituzte. Jarraitzaileen babesak ere asko lagunduko luke horretan.