Atzerritar jatorriko legazpiarren egoera ezagutzeko diagnostikoa egin du Legazpiko Udalak
Diagnostikoaren ondorioak datorren ostegunean, hilak 13, Kultur Etxean 18:00etan egingo den saio irekian partekatuko dituzte. Udalak aurrera begira hartutako konpromisoak ere aurkeztuko dituzte.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_6155-1200x900.jpg)
Atzerritik iritsitakoen migrazio prozesua “konplexua eta estresagarria” izan daitekeela kontuan hartuta, Legazpiko Udalak herrian bizi diren pertsona migratzaileen egoera zein den aztertu du, prozesu hori errazteko eta dituzten premiei irtenbideak emateko. Diagnostikoa iazko urrian egin zuten, Elhuyar Fundazioaren bitartez.
Migratutako 23 legazpiar elkarrizketatu zituzten guztira, besteak beste Senegal, Mendebaldeko Sahara, Maroko, Pakistan, Bangladesh, Nikaragua, Kolonbia, Ekuador, Honduras, Peru eta Venezuelatik iritsitakoak. Herritar horien integrazio prozesuan partaide diren ikastetxeetako ordezkariak, hezkuntza ez formaleko eragileak, Hotz Legazpi elkarteko boluntarioak eta udal teknikariak ere elkarrizketatu zituzten.
Gaur goizean eman dute diagnostikoaren berri udaletxean, Nerea Lopez de Heredia gizarte gaietako zinegotziak, Nerea Arregi udaleko Gizarte Zerbitzuetako buruak eta Elhuyar Fundazioko Leire Lizarralde teknikariak.
Diagnostikoak emandakoa
Legazpiko bizilagunen % 11,6 atzerriko herrialde batean jaiotakok dira, eta azken hamar urtetan % 7,3 igo da bizilagun horien kopurua. Atzerritar jatorrikoen artean, 25-49 adin tartekoak dira %56, 4 dira, 25 urtetik beherakoak % 23,5 dira, eta 50 urtetik gorakoak dira gainerakoak, hau da, %20,1. Autoktonoen artean, ehunekoak beste era batekoak dira: % 24,7 dira 25.49 urte bitartekoak, 25 urtez azpikoak %22,5 dira, eta 50 urtetik gorakoak, %52,8.
Bestetik, 52 herrialde desberdinetan jaiotako bizilagunak daude erroldan, eta zifra horrek erakusten du Legazpiko jatorri aniztasuna. Marokotik iritsi dira atzerritar jatorrikoen hamarretik bi, eta Pakistandik eta Hondurastik hamarretik bana.
Azken urteetan, berriz, 2023a izan da atzerritarren mugimendu gehieneko urtea, erroldan 274 altekin. Aurreko urtean, 2022an, 222 alta egon ziren, eta iaz, urrira arte, 198. Esanguratsua izan zen 2024ko urria, 36 altekin azken hilabeteetako alta kopururik handiena izan zelako.
Diagnostikoaren alderdi kualitatiboari begiratuta, ondorio nagusia da “Legazpin bizi diren jatorri atzerritarreko bizilagunen egoera askotarikoa dela, dimentsio desberdinetatik begiratu, aztertu eta esku-hartu beharrekoa”.
Elkarrizketetan jaso dutenez, jatorri atzerritarreko legazpiarrek herriko zerbitzuak, garraioa, herriko lasaitasuna, bizilagunen gertutasuna… positiboki baloratzen dituzte. Baina beste aldean, elkarbizitza gatazkatsua ez den arren, “bizilagunen arteko elkar ezagutza eta elkarrekintza oso urria” dela jaso dute diagnostikoaren egileek.
Erronkak, puntuz puntu
Diagnostikoarekin batera, Elhuyar enpresako kideek hainbat erronka identifikatu ditu atzerritar jatorriko legazpiarrei egiten zaien harrera eta herrian bizi duten egoera erraztu ahal izateko.
Harrera berarekin hasi dira, eta “erantzukizun publikotik eta begirada komunitariotik, elkarlanean egituratu eta sakondu beharreko eremua” ondorioztatu dute. Harrera “oso modu intuitiboan” egiten dela ikusi dute, “planifikatu gabe eta eragileen arteko koordinaziorik gabe”. Prozesu horretan urrats positiboak egiteko “herri tamaina eta udal zerbitzuen balorazio positiboa oinarri sendoa” direla uste dute txostenaren egileek, “baina beharrezkoa da baliabideak aztertu, hobetu, eta estrategia koordinatu bat martxan jartzea, tokiko harrera integralagoa eta eraginkorragoa egituratzeko”.
Etxebizitzaren ingurukoa “kezka partekatua” dela ere nabarmendu dute, zaila gertatzen zaielako bat lortzea, bereziki migrazio prozesuaren lehen uneetan. Etxebizitza bat izateak oinarrizko beste eskubide batzuk eskuratzeko aukera ere irekitzen dienez, “funtsezkoa izango da etxebizitza politikak egiteko orduan segregazio prozesuak eta zapalkuntza egoerak saihestuko dituzten neurriak hartzea”.
Eskola testuinguruko integrazioaz ere hitz egin dute erronken artean, ikastetxeek “funtsezko papera” betetzen dutela iritzita. Arlo honetan identifikatu dituzte jorratu beharreko gaiak: “Atzerritar jatorriko familiek ikastetxeetan parte hartzeko eta komunikaziorako dituzten aukerak, oztopoak zein bideak; ikasleen eta familien pertenentzia sentimendua; euskararen irakaskuntza eta hizkuntza aniztasunaren trataera; erlijio, gizarte eta gai kulturalekin lotuta sortzen diren korapilo eta gatazkak”, edo hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea”.
Bestetik, aisialdia eta komunitatean parte hartzea harremanak eraikitzeko eta gizarte kohesioa sustatzeko tresna nagusietakoak direnez, “topagune iraunkorrak sortzea, diru laguntzetan klausula espezifikoak txertatzea edo herriko aniztasuna kultur programazioan eta jaietako egitarauan islatzea” proposatu dute.
Hizkuntzari dagokionez, euskararen eta gazteleraren ezagutza falta “oztopo nagusietako bat dela” ondorioztatu dute, eta horregatik garrantzitsutzat jo dute euskara zein gaztelera ikasteko baliabideak eta programak areagotzea eta egokitzea. Bestetik, herriko hizkuntza aniztasunari aitortza egitea eta balioan jartzeko estrategiak garatzea ere garrantzitsua dela uste dute, batez ere “euskararen eta beste hizkuntzen arteko zubiak eraikiz”.
Azkenik, identitate pluralen eraikuntza “asmo estrategiko eta etikoa” izan behar dela ondorioztatu dute. “Identitatearen gaiak lotura zuzena du inklusioarekin, hizkuntzaren erabilerarekin, atxikimenduarekin, eta harreran zein egokitzapen prozesuan bizitako esperientziekin”. Migratu duenentzat edo migratutakoen seme-alabentzat “identitatearen gaiak pisu espezifikoa du, eta pertenentzia sentimendua, bizilekuarekiko atxikimendua, tokiko gizartearekin elkarrekintza edo hizkuntzak gurutzatzen dira horren baitan”.
Guztion erantzukizuna
Datu eta ondorio guztiak aztertuta, gizarte inklusiboa eraikitzeko erantzukizuna guztiona dela dio udalak, eta “konpromiso irmoa” agertu du “legazpiar ororen aukera berdintasuna bermatzeko eta herritar guztiei zuzendutako politikak egiteko, intersekzionalitatea, antiarrazismoa eta kulturartekotasuna sustatuz”. Epe laburrera begira, eta diagnostikoaren ondorioei jarraiki, “urrats kuantitatibo eta kualitatiboak” egingo ditu ildo horretan.
Urrats horien berri eta aurrera begira hartutako konpromisoak aurkezteko, saio ireki bat egingo dute datorren ostegunean, hilak 13, Kultur Etxean, 18:00etan.