Izpien Txokoa, haur txikien eta familien gozamenerako zerbitzua
Eguraldi txarra ez da aitzakia txikiekin etxean geratzeko. Izpien Txokoak aterpea eta jolaserako aukera ugari eskaintzen dizkie 0-3 urteko haurrei eta familiei.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_6117-1200x900.jpg)
Eraiki Dezagun Legazpi parte hartze prozesuan, haur txikientzako gune bat eskatu zuten herritarrek 2023ko udazkenean, eta urtebete beranduago, eskaera gauzatu zuen udalak. Iazko abendutik, Legazpin, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten familiek Izpien Txokoa dute eskura.
Izpien Txokoa Agirre-Etxeberrin udaleko Hezkuntza sailak irekitako zerbitzua da, haurren jolasa, sormena eta ikaskuntza bultzatzeko helburuz sortua, eta batez ere, neguko eguraldi hotzari aurre egiteko gune goxoa eta atsegina.
Agirre-Etxeberriko areto handian dago, lau txokotan banatuta. Txoko horietako bat motrizitatearena da, Montessoriren zurezko materialekin osatuta, haurren motrizitatea garatzeko. Esperimentazioaren txokoa da bigarrena, eta bertan, zentzumen blokeak, altxor kutxak, botila sentsorialak eta musika tresnak daude. Lasaitasunaren txokoa ere badago, besteak beste, ukimena, gozotasuna edo lasaitasuna lantzeko. Txoko artistikoa da laugarrena, txikien sormena lantzeko baliabideekin.
Egunero irekita
Izpien Txokoak bi hilabete besterik ez ditu egin martxan, eta arrakasta handia duela besterik ezin da esan, zerbitzuaren arduradunek jakinarazi dutenez, 74tik gora erabiltzaile dituelako dagoeneko.
Zerbitzua erabiltzeko, txartela eskatu behar dute familiek Hezkuntza sailean. Txartel horrekin, nahi duten guztietan erabili ahal izango dute. Doakoa da, eta ordutegi zabala du. Egunero dago zabalik, 09:30etik 20:30era, eta printzipioz, uztailaren hasierara arte egongo da zabalik.
Guraso eta aiton-amonekin
Euria egiten duela, edo hotz egiten duela. Eguraldia ez da aitzakia gaur, ume txikiekin etxetik ez ateratzeko. Izpien Txokoak aterpe goxo bat eskaintzen die, jolaserako, ondo hornitutakoa, eta beste haur batzuekin elkartzeko aproposa.
Horrela pentsatzen du zerbitzuaren erabiltzaileetako bat den Elik. Ia egunero joaten da bertara, urte eta erdi duen Nikole alabarekin. Ama-alabak goizetan joaten dira batez ere, «arratsaldeetan baino lasaiago» egoten delako. Toki «oso polita eta alaia» dela dio Elik: «Leiho handietatik egundoko argitasuna sartzen da». Haurrek «espazioak eskaintzen dien guztia aprobetxatzen dute, margotu egiten dute, tipian sartzen dira, gora eta behera ibiltzen dira, arbelan marrazten dute, erraldoi txikiekin jolasten dira, elkarrekin egoten dira…». Gainera, gurasoen artean ere harremanak lantzen dituzte.
Izpien Txokora amak bakarrik ez, aitak, aiton-amonak, zaintzaileak… ere joaten dira, eta horien artean harremanak sortzen dira. Edurne amona da, Jonerena, eta «txoko ikusgarria eta polita» dela dio. «Niretzat umeentzako soluzio oso ona da, bete-betean asmatu dute». Eibartik etortzen da Edurne biloba ostegun arratsaldetan eskolatik jasotzera, eta handik irtendakoan, zuzenean eramaten du Izpien Txokora. «Hemen oso gustura dabil, ez da batere nekatzen, gainera. Eta negurako oso-oso aproposa da, hotzarekin kanpoan ezin delako ibili».
Zerbitzu hau Musika Eskolaren eraikin berean dago, eta hori oso baliagarria izaten zaie erabiltzaile batzuei, Agurtzaneri bezala. Jokin seme txikienarekin joaten da Izpien Txokora, bere beste seme bat klasean dagoenean. «Oso gustura nago, txikiari asko gustatzen zaio, eta niri oso ondo datorkit, batez ere eguraldi txarra egiten duenean. Hemen aterpean gaude, bero egiten du… uda partean ikusiko dugu». Bitartean, Jokin eta amak zerbitzua erabiltzen jarraituko dute, «beste guraso batzuk ezagutzeko, eta haurrek ere elkarrekin jolasteko toki aproposa delako».
ARGAZKIAK: Eli Cuello