Pentsiorik txikiena gutxieneko soldataren parekoa izan dadin
Gutxieneko pentsioa 1.134 eurokoa izatea eskatzen dute. Goierriko 18.089 pentsiodunetatik, 7.226k pentsio txikiagoa dute. Sinadurak biltzen ari dira legebiltzarrean gaia aztertu dezaten.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/siandura-1200x900.jpg)
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) zazpi urte daramatza astelehenero kalera ateratzen, besteak beste pentsio publiko duinak aldarrikatzeko. Orain, asteleheneroko elkarretaratzeez gain, sinadura bilketa egiten ari dira Gasteizko Legebiltzarrean Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko Herri Ekimen Legegile (HEL) bat aurrera ateratzeko nahiarekin. Helburua ondorengoa da: EAEn gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.134 euro) parekatzeko erabakia hartu dezan. Gai hori eztabaidara eramateko beharrezkoa da 10.000 sinadura biltzea.
<p>Nafarroan, osagarri baten bidez, pentsio guztiak gutxienez 1.034 eurokoak izatea bermatzea lortu dute, eta gauza bera nahi dute Euskal Autonomia Erkidegorako. Kasu honetan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) iritsi nahi dute. Izan ere EHPMren ustez milaka pentsiodunek bizi duten egoera «erabateko bidegabekeria» da, gutxieneko diru sarrera nahikorik ez dutelako, bizitza duina izateko.
<p>Goierriko pentsiodunen datuei erreparatuz, 18.089 pentsiodun daude eta horietatik 7.226 inguru izan daitezke LGSra iristen ez direnak, «Gipuzkoan %40,26 baitira LGS baino gutxiagoko pentsioa dutenak». Goierritarren batez besteko pentsioa, 1.613 eurokoa da [urtarrilaren 1eko datua].
Emakumeak, kaltetuenak
Sarrera gutxien duten pertsonen artean, gehienak emakumezkoak dira. «Emakumeek lantokietan jasaten duten diskriminazioak eta prekarietateak, langabezia tasa handiagoak, lanaldi partzialeko kontratuen proportzio handiagoak eta aitortu eta ordaindu ez diren zaintza lanetan duten kokapenak pentsiorik baxuenak eskuratzea eragin dute». EHPMren esanetan, «kotizatu gabeko pentsioak 500 euro pasatxokoak dira, eta horien %70 emakumeek jasotzen dituzte». Alargunen kasua are eta larriagoa da.
Era horretan, «bidegabekeria hori konpontzea premiazkoa bezain ezinbestekoa da, eta gutxieneko pentsio duina bermatzea da biderik zuzenena eta eraginkorrena».
Erakundeei eta herritarrei
Horrela, EHPMk eta babesa eman duten sinatzaileek egin diote eskaera bat Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari: erantzukizun hori beregain hartzeko, horretarako «nahikoa baliabide ekonomiko eta eskumen dituelako». Euren ustez, horrela bermatuko baita zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru sarrera egokiak izatea, pentsioak garaian garaiko gutxieneko soldatarekin berdinduz.
EAEn bizi diren 18 urtetik gorako herritarrei ere egin diete deia, herrietan jarriko dituzten mahaietan sinadurak emateko. Oraingoz, Goierriko zortzi herritan antolatu dituzte sinadura bilketak, egun, ordutegi eta toki ezberdinetan.
Bestalde, astelehenero Urretxu eta Zumarragan (11:30ean) eta Ordizian, Beasainen eta Lazkaon (11:00) antolatzen dituzten elkarretaratzeetan ere egongo da aukera. Goierri behean txandaka elkartzen dira: lehen eta hirugarren astelehenetan Ordiziako plazan. Bigarren astelehenetan Lazkaoko plazan eta laugarren astelehenetan Beasaingo Zubimuzun. Elkarretaratzeetan parte hartzeko deia ere egin dute
- Ataun: San Martinen, Konsejupean, otsailaren 15ean, 11:00-14:00. San Gregorion, otsailaren 22an, pilotalekuan, 11:00-14:00. Aian, martxoaren 1ean, Erroipe elkartean, 11:00- 14:00.
- Beasain: Otsailaren 24an, 11:00.
- Lazkao: Astelehenero, plazan, 11:00-13:00.
- Legazpi: Gaur, azokan, 09:30-13:00.
- Ordizia: Asteazkenetan, plaza inguruan, 10:30-12:00 eta 18:30-20:00. Ostiraletan San Bartolomeko Eroskin, 18:30-20:00. Larunbatetan, San Bartolomeko Eroskin, 11:00-12:00. Otsailaren 17an, elkarretaratzean, 11:00.
- Segura: Otsailaren 13an eta 20an, 18:30, Atseden elkartean, eta 23an, plazan, 12:30-14:00.
- Urretxu-Zumarraga: Larunbatean Zumarragako azokan, 11:00etatik aurrera. Astelehenero, elkarretaratzean, 11:30.
- Zegama: Herriko plazan, ostegunetan 11:00-12:30, eta larunbatetan 11:00-12:30 eta 18:00-20:00.