Hotz Legazpik manta eta arropa ugari eta 1.536 kilo elikagai bildu ditu
Mantak eta arropa Donostiako Hiritarron Harrera Sareari eman diote, eta elikagaiak Zaporeak elkarteak kudeatuko ditu, Greziako Lesbosera bidaltzeko.
Hotz Legazpik larunbatean egindako arropa eta elikagai bilketak legazpiarren elkartasunak neurririk ez duela erakutsi du beste behin ere. Makina bat manta eta gizonezkoentzako arropa bildu zituen elkarteak larunbat goizean Azokan jarritako bilketa gunean, baita 1.536 elikagai kilo ere. Azokan bertan jaso ziren kilo horietako asko, baina aurreko aste osoan eskoletan landu zuten Ikasle bat, kilo bat kanpainarekin eta herriko hainbat dendatan jarritako orgetan ere jaso ziren kilo asko.
Azokan bildutako mantak eta arropa egunean bertan bidali zituzten Donostiara, Hiritarron Harrera Sareak kalean bizi den jendeari banatzeko. Elikagaiak ere Donostiara bidali zituzten, Zaporeak elkarteak duen biltegian gordetzeko eta handik Greziara bidaltzeko, Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamenduan otorduak prestatzeko.
Larunbat goizeko bilketan Hotz Legazpiko boluntarioez gain, hainbat herritarrek ere lan egin zuten, tartean Atzegiko kideek.