Maria Arresek 105 urte bete ditu gaur
Familia osoarekin ospatu du urtemuga borobil hori, Santikutz egoitzan.
Maria Arrese Arrietak 105 urte bete ditu gaur, eta familiaz inguratuta ospatu du urtebetetzea, Santikutz egoitzan. Maria Legazpiko biztanlerik adinduena da.
Eskoriatzako Marin auzoan jaio zen 1920ko otsailaren 10ean. Gaztetan, 18 urterekin, neskame joan zen Donostiara, eta bertan ezagutu zuen senarra izango zuen Eustaquio Balerdi Zufiaurre legazpiarra, Telleriarteko Zatubi baserrikoa. Lan egiten ari zen etxeko nagusiaren lehengusua zen. Ezkondu eta Zatubi baserrian jarri zen bizitzen bikotea, baina gutxira baserria erre, eta Olaberria auzora jaitsi ziren, Bernardoren etxera. Geroago, auzoan bertan Goiko Izarra etxea egin zuten, eta bertan bizi izan ziren urte askoan, semea Laubide auzora ezkondu zen arte, duela 45 urte inguru.
Senarrak Patrizio Etxeberriaren lantegian egin zuen lan, baita baserrian ere, eta Maria etxeaz eta familiaz arduratu zen. Seme bakarra izan zuten, Javier. Maite Ugarterekin ezkonduta, horiek ere seme bakarra izan dute, Mikel, eta honek, berriz, bi, Nerea Anduezarekin: Gorka eta Enara. Guztiak elkartu dira gaur ama, amona eta birramonaren urtebetetzea ospatzeko.
Maria emakume lasaia dela diote familiako kide guztiek, eta oso dotorea, “xume-xume, baina beti gustatu izan zaio bere burua zaintzea”. Gaur bertan ere, urtebetetze festarako ezpainak gorriz pintatuta agertu da, eta oparitu dioten arroparekin oso pozik jarri da. Gainera, oso lagunartekoa da, “jendearekin egotea asko gustatu zaio beti. Paseora ateratzen dugunean, beti du baten bat agurtzeko kalean”. Familiarekin, gainera, oso maitagarria da, eta maitatzeko erraza. Jarrera ere baikorra duela diote etxekoek, alaia, “beretzat, dena dago beti ondo, beti dago konforme”.
Duela urte asko alargundu zen, eta bakarrik egon zen bizitzen ordutik, osasun onak eta ondo bizitzeko gogoak lagunduta. Benidorm-era joaten zen, esaterako, eta hilabete batzuk egiten zituen han. Legazpin zegoenean, egunero joaten zen kafea hartzera errainarekin eta honen ama Tere Azurmendirekin.
Azken urteak semearen etxearen atari berean egin zituen, goiko etxebizitzan, 98 urte zituen arte. Mikel bilobak gogoratzen du gurasoak kanpora joaten zirenean esaten ziotela amona zaintzera joateko, baina bere etxera joan, eta amona zela biloba zaintzen zuena, “ni bere etxera joaterako, beti zuen zerbait jateko prestatuta. Eta berari arrautza frijituak gustatzen zitzaizkion asko, ardo basotxo batekin”. Gero semearen etxean hartu zuten, eta azken urteetan Eguneko Zentrora joaten zen.
Azkenean Oñatiko adinduen egoitzan sartu zuten, eta urte bete eta gero, Legazpiko Santikutzera etorri, eta bertan bizi da, azken bost urtetan.
Maria sei anai-arrebetatik bosgarrena da. Bera eta Arrasaten bizi den Alberto anaia dira bizirik dauden bakarrak, eta Albertok 100 urte egingo ditu.