Ane Urtzelairena izango da Santikutz jaien egitarauetako azala
Udalak antolatutako lehiaketa irabazi du artista legazpiarrak.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_6183-1200x900.jpg)
Ane Urtzelai Olabidek egindako lanak ilustratuko ditu maiatzeko eta agorreko Santikutzetako jai egitarauen azalak. Legazpiko artista gazteak irabazi du udalak bi azaletarako irudia aukeratzeko antolatu duen lehiaketa. Guztira 31 legazpiarrek parte hartu dute lehiaketan, eta 35 lan aurkeztu dituzte. Diseinu guztiak ikusgai daude Kultur Etxeko erakusketa aretoan, ostiralera arte.
Azal koloretsua izango dute bi jaietako egitarauek, eta jaietako protagonistak azalduko dira bertan. Urtzelaik azaldu duenez, “aurreko urteetako argazkiak hartuta, konposizio bat egin dut, ezpata dantzatik abiatuta. Legazpiko erraldoiak, Santikutz Klasikoko txirrindulariak, txistulariak, gazteen herri bazkaria, olagizona, errondaila, pilota partida eta musika hartuta osatu dut konposizioa”. Marrazki digitalaren teknika erabili du, baita Illustrator programa ere.
Atzo jaso zuen saria Urtzelaik, erakusketa aretoan egindako ekitaldian. Miryam Galilea kultura arloko zinegotziak eman zion.
Margo lanen erakusketa
Urtzelaik bere margo lanen erakusketa ireki bezperan irabazi du lehiaketa hau. Hurrengo asteko ostiralean, hilak 21, 19:00etan inauguratuko du, eta martxoaren 7ra arte egongo da irekita. “Azken aldian egiten ari naizen lanak erakutsiko ditut”, aurreratu du.