Emaneurreren bederatzigarren bertso saioa, ostiralean Tximistan
Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan, Igor Egurenek gidatua. Txartelak salgai daude oraindik 40 euroan (sagardotegiko menua + bertso saioa) Sugaar, Amona eta Kirkil tabernetan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/01/emaunerre_bertso_afaria-1.jpg)
Emanaurrek bederatzigarren bertso saioa egingo du ostiralean, 20:30ean, Tximista sagardotegian. Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan, Igor Egurenek gidatua. Txartelak salgai daude oraindik 40 euroan (sagardotegiko menua + bertso saioa) Sugaar, Amona eta Kirkil tabernetan. Bertso zaleen erreferentziazko eguna bilakatu da Emaneurreren bertso saioa.
Emaneurre taldeak 2012. urtean antolatu zuen lehenengo bertso afaria, Iker Zubeldia zegamarrarekin eta Iban Urdangarin ataundarrarekin. Ondo gogoan dute Emaneurrekoek duela 13 urteko egun hura, Asteburu Kulturalaren barruan antolatzen zuten ekitaldia: «Herriko kaletan ibili ginen afal aurretik poteoan megafonia hartuta, asto kalean botatako bertsoak izan ziren azken urte hauetako ibilbide honen lehenengo bertsoak».
Bigarren urtean, 2013an ere asteburu kulturalean ere formatu bera errepikatu zuten, «afal aurretik herriko kaleetan bertso poteoa eta ondoren Tximista Sagardotegian bertso afaria, German Urteaga beasaindarra eta Joanes Etxaide zegamarra izan genituen gurekin».
Etena etorri zen ondoren, «ez genuen bertso afaririk antolatu, nahiz eta Emaneurrek euskal kulturaren eta euskararen aldeko jardunean segi».
Itzulera 2019an
2019. urtean, ordea, Emaneurre taldearen 10. urteurrena aitzaki hartuta, «berriro ere bertsolaritzari keinu egitea» erabaki zuten. Ordu hartan, Euskal Herriko txapelduna zen Maialen Lujanbio gonbidatu zuten, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia goierritarrekin batera. «Sekulako arrakasta izan zuen eta 150 sarrera lau egunetan saldu ziren». Gai jartzaile lanean Mikel Urteaga aritu zen.
2020, urtean Zaporeak elkartearekin elkarlanean antolatu zuten eta «bildutako dirua Grezia aldera bideratu genuen». 140 lagun elkartu ziren, Iker Zubeldia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak entzuteko.
Pandemiako saio berezia
2021. urteko saioa ere berezia izan zen, «pandemiak utzitako zirrikitu bat aprobetxatuz eta hartu beharreko neurriak eta ardurak hartuz saioa antolatzea erabaki genuen». Iker Zubeldia, Jon Maia eta Oihana Iguaran aritu ziren bertsotan. «Pandemia hasi zenetik antolatu zen lehenengo bertso afaria izan zen eta bertsolariek eta bertsozaleek ere asko eskertu zuten egindako ahalegina».
2022. urteko saioa ere «pandemiak baldintzatua» izan zen baino «neurri arinagoekin». 110 lagun elkartu ziren Tximista sagardotegian. Iker Zubeldiarekin batera, Bizkaiko Txapelduna Nerea Ibartzabal eta Nafarroako Txapelduna Saioa Alkaiza izan ziren eta gai jartzaile bezala Igor Eguren. «Oso giro ona eta antolakuntza ere pozik, saioa egonkortzen eta izena hartzen ari delako bertsozaleen artean, Hitzetik Hortzerako kamerak ere izan genituen gurekin».
2023. urtean, lau bertsolari gonbidatu zituzten: Iker Zubeldia, Maialen Akizu, Joanez Ilarregi, Nerea Ibartzabal. «Euskal Herriko Txapelketako urtea izanik, bertso saio piloa inguruan baina ala ere jendeak ondo erantzun zuen eta 145 lagun elkartu ginen Tximistan». Eta iaz ere, lau bertsolariko saioa antolatu zuten: Iker Zubeldia, Alaia Martin, Julio Soto eta Maddi Aiestaran beasaindarra. «130 lagun elkartu ginen».
Aurten ere giroa ziurtatuta dago. Antolatzaileen esanetan, dagoeneko ehun sarreratik gora salduta daude.