Ordiziako mendi lasterketan erabakiko dira Euskadiko txapelak
Igandean, otsailaren 16an, jokatuko da. 21, 14 eta 8 kilometroko hiru lasterketa izango dira. Izena eman daiteke oraindik.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_20250211_123613-1200x676.jpg)
Txindoki Atletismo Taldeak antolatutako Ordiziako mendi lasterketa igandean, otsailaren 16an jokatuko da. 10:00etatik aurrera, Plaza Nagusitik abiatuko dira korrikalariak Murumendi aldera. Goierri Trail Kopako bigarren proba puntuagarria izango da eta era berean, hiru distantzia horietan, Euskadiko txapelak ere Ordizian erabakiko dira.
Korrikalari federatuek eta herrikoiek parte hartuko dute. Federatuei dagokienean, elite mailako atletek maratoi erdian (21 kilometro eta 1.000 metroko desnibel metatua) hartuko dute parte. 23 urtez azpikoek, berriz, 14 kilometrokoan eta 20, 18 eta 16 urtez azpikoek 8 kilometrokoan. Gainerako korrikalariek, bakoitzak aukeratutako distantzian parte hartu ahal izango dute.
Ordiziako txapelketatik aukeratuko dute euskal selekzioan parte hartuko duten kideak, apirilaren 12an eta 13an Ibizan (Balear Irlak) jokatuko den Espainiako txapelketarako.
Oraindik ere izena eman daiteke Kronoak.com webgunean, 8 eta 21 kilometroko probetan. Antolatzaileen esanetan, iaz baino ehun atleta gehiago daude izena emanda dagoeneko. Dortsalak 08:00etatik aurrera banatuko dituzte plazan.
Antolakuntzak hiru anoa postu jarriko ditu ibilbidean. Baina korrikalari bakoitzak bere edalontzia eramatea derrigorrezkoa izango da.
Ordiziako Plaza Nagusian amaituko da lasterketa eta bertan egingo da sari banaketa ekitaldia.