La Bellota elkarteak 30. urteurreneko festa ospatuko du igandean
Extremaduran jatorria duten legazpiarrak biltzen dituen elkarteak gainerako herrikideei luzatu die parte hartzeko gonbidapena. Musika eta dantza izango dira eguerdian Azokan, eta bazkari bat egingo dute gero San Ignazio auzoko egoitzan.

Festa egun handia izango da igandea Extremaduran jatorria duten legazpiarrek, La Bellota kultura elkarteak 30. urteurrena ospatuko duelako. Azoka da aukeratutako gunea, eta bertan elkartuko dira eguerdian, musikaz eta dantzaz inguratuta lehenik, eta San Ignazioko egoitzan jarraituko dute gero, mahai inguruan.
Ospakizun festara hasiera emateko, Sustraiak eta Korosti dantza taldeetako kideek Aurreskua dantzatuko dute, eta jarraian, Astrabudua-Erandioko (Bizkaia) GNuestra Señora Virgen de la Montaña dantza eta kantu taldeak emanaldia egingo du.
Ondoren, elkarteak San Ignazio auzoan duen egoitzan elkartuko dira, eta bazkariarekin jarraituko dute festa.
Extremadurako kultura zabalduz
XX. mendearen erdi aldean Extremadurako familia ugari iritsi ziren Legazpira, Patrizio Etxeberriaren lantegiak erakarrita. Jaioterritik alde egin zutela urte dezente igaro badira ere, ohiturak, hitz egiteko era, hitzak, oroitzapenak… oso presente dituzte extremadurar horiek. Are gehiago, elkartzeko txoko bat dutenetik. La Bellota Extremadurar Zentroa du izena eta San Ignazioko eskola zaharretan du egoitza.
La Bellota 1996an sortu zen, euren jatorria ahaztu nahi ez zuten Legazpiko extremadurarren ekimenez. Kultur elkartearen izaera eman zioten, hango kultura herrikideekin konpartitzeko asmoz, eta hemengo elkarte gastronomikoen antzeko funtzionamendua zuen txokoa ireki zuten udalak San Ignazioko eskola zaharretan utzi zien lokal batean. Han jarraitzen dute oraindik, eta handik gidatzen dute elkartearen jarduera.
Folklorean eta gastronomian ardaztu dute bereziki Extremadurako kulturaren zabalkundea, eta besteak beste, Sones de Extremadura musika eta dantza taldea sortu zuten, orain haren ondar batzuk besterik gelditzen ez badira dira. Gastronomiaren alorraren adierazpen nagusia, berriz, Legazpiko agendan bere tokia egin duen txerri hilketaren ondorengo festa da. Kultur Astea ere egiten dute urtero.

La Bellotaren txerri hilketaren ondorengo 2000. urteko festa.