San Martin auzoko pentsio zaharra datozen asteetan eraitsiko dutela iragarri du udalak
Orube horretan etxebizitzak eraikitzeko proiektua dago, eta horrek auzoa berrurbanizatzea ekarriko du.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_6205-1200x900.jpg)
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, datozen asteetan San Martin auzoan dagoen pentsio zaharra eraisten hasiko dira. Orube horren jabea Legazpi Berri S.L. enpresa da, eta bertan etxebizitzak eraikitzeko proiektua du.
Proiektu honen berri duela hilabete batzuk eman zion udalari enpresak. Udalak “begi onez” ikusi zuen proposamena, “eraikuntzaren egoera zein den kontuan izanda, eta azken boladan bertan egon diren okupazio arazoak ahaztu gabe”.
San Martineko pentsioaren gaur egungo egoera txarra dela nabarmendu du udalak. Hala ere, eta eraikina itxita egon arren, “azken aldian bertan jendea lotan egon dela” jakin du, eta Udaltzaingoak egin du jarraipena. Horrek guztiak duen “arriskua” ikusita, iazko abenduan Eric Galvez alkateak eskaera luzatu zion Legazpi Berri SL enpresari eraikina lehenbailehen botatzeko. Aste honetan bertan aurkeztu du proiektua, eta aste gutxitan hasiko ditu eraiste lanak.
Etxebizitzen proiektua
Pentsio zaharra eraitsita sortutako orubean etxebizitzak egingo ditu Legazpi Berri SL enpresak, eta horrek udalaren oniritzia du, “herrian etxebizitzen eskaintza indartsu bat izateko aukera emateaz gain, auzoan ere eragin oso positiboa izango duelako, gunea ere urbanizatuko baita”.