Martxoaren 9ako Zuhaitz bat babestu jardueran parte hartzeko deia
Aldundiak, Legazpiko Udalak, Basotik Fundazioak eta Baserria KM0 erakundeak antolatutako ekintza da. Haritz kandugabeak landatuko dituzte Brinkolako lursail batean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_6202-1200x900.jpg)
Legazpiko Udalak, Foru Aldundiak, Basotik Fundazioak eta Baserria K0-k martxan jarritako Zuhaitz bat babestu kanpainaren berri legazpiarrei zuzenean emateko elkartu dira gaur goizean udaletxean lau erakunde horietako ordezkariak, urtarrilean Aldundian aurkezpen ofiziala eta gero. Martxoaren 9an Brinkolako lursail batean egingo duten zuhaitz landaketa da kanpainaren ardatza
Legazpiko atzoko aurkezpenean Eric Galvez alkatea eta Edurne Matias zinegotzia izan ziren udaletik, Basotik Fundaziotik Jon Ander Ostolaza gerentea Basotik Fundaziotik, Aldunditik Koldobike Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria, eta K-0tik Jose Pablo Larrea.
300 inguru haritz
Zuhaitz landaketa bat baino gehiago, «baso berritze jarduera bat» izango da martxoaren 9koa, eta Brinkolan Barrendiola urtegitik gora joandako lursail batean egingo dute, Quercus Petraea edo haritz kandugabez beteriko basoan. Hiru-bat hektareako eremua da, eta egun horretan 300 zuhaitz inguru landatuko dituzte, bertan bildutako ezkurretatik Aldundiko mintegietan hazitakoak.
Goizeko ekitaldia izango da, eta festa giroan amaituko da, Azokan, parrilan erretako KM0ko produktuen dastaketarekin.
Zuhaitz bat babestu jardueran parte hartzeko www.legazpi.eus webgunean, eta hilaren 28a baino lehen Baserria KM0 produktuen lau etiketa apadrinaunarbol@baserriakm0.com helbidera bidalita eman daiteke izena.
Haritz landaketan eta ondorengo parrilladan parte hartzera gonbidatu dituzte legazpiarrak eta gainerako herritarrak.