Berrikuntzekin dator Ormaiztegiko 16. Sahara Kros lasterketa
Otsailaren 23an ospatuko da aurten Sahararen aldeko lasterketa. Aurretik, kontzertua antolatu dute otsailaren 21an lehen aldiz eta helduen lasterketako ibilbidean ere aldaketak izango dira.

Otsailaren 23an ospatuko da aurten 16. Sahara Krosa, Ormaiztegin eta gaur egin dute aurkezpen ekitaldia Sahara Kros elkarteko Garazi Hach Embarek eta Ibai Guerenabarrenak. Hach Embarekek azaldu duenez, otsailaren 27an Mendebaldeko Saharako Errepublikaren aldarrikapen egun ospatzen da orain dela 50 urtetik; errefuxiatuen kanpamentuetan maratoi bat ere egin ohi da egun horretan eta hura oinarri hartuta hasi ziren lasterketa antolatzen.
Lasterketa “Mendebaldeko Saharan gertatzen ari den bidegabekeria salatzeko jaio zen, baita Espainiak bete ez duen paper hori salatzeko eta Maroko bertatik ateratzea eskatzeko”, esan du Hach Embarekek. Lasterketak beste arrazoi bat ere badauka, Mohamed Salem Hach Embareki —Garaziren aita zenari— omenaldia egitea. Fronte Polisarioko ordezkari gisa jardun zuen Sahararen egoera munduan zehar ezagutzera emanez eta haien eskubideak aldarrikatuz. Azken urteak Ormaiztegin eman zituen, emaztearekin eta familiarekin.
Berrikuntzak
Lasterketa ohiko formatuan egingo dute. Batetik, iaz bezala, haurrei zuzendutako lasterketak egingo dituzte 10:00etatik aurrera eta adinka banatuta. Udaletxe aurrean izango da irteera eta herri barruan zeharreko ibilbidea osatu beharko dute. Haurren lasterketarako izen ematea doakoa izango da baina iaz bezala mahai jokoak edo eskola materiala eramatea eskatu diete, “haurrek jakin dezaten zertarako eta zergatik egiten den lasterketa hau eta zeinentzako izango den”.
Helduen lasterketan bi aukera izango dira, 5 kilometrokoa bata eta 10ekoa bestea. Guerenabarrenak aurreratu duenez, ibilbidean aldaketak izango dira, “iazkoa oso ibilbide polita izan zen, baina aurtengoa ez da gutxiago izango. Aldapa gogorrago bat izango du, hori bai”, aurreratu du. Ibilbidea “5 kilometroko ibilbide zirkularra izango da. Motzean buelta bakarra eman beharko da eta luzean bi”. Irteera 11:00etan izango da.
Izen ematea irekita dago jada kirolprobak.eus web gunean, baina egunean bertan ere egongo da aukera aldez aurretik joanda. Iaz bezala, aurten ere, Ehunmilak probako Goierriko 2 Handiak lasterketarako dortsal bat zozkatuko da 20 urtetik gorako parte hartzaileen artean.
Kontzertua ostiralean
Berrikuntza gehiago ere badakartza aurtengo lasterketak, izan ere, aurten lehen aldiz kontzertua antolatu dute Ormaiztegiko pilotalekuan. Otsailaren 21ean izango da 22:00etatik aurrera eta Mugan, Bele, Oilar Beltzak, Ines Osinaga, Postal kolekzionistak eta Xabi Solanok parte hartuko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude Ormaiztegin Murua eta Zipotz tabernetan, Beasaingo Arranon, Ordiziako Herrikon, Segurako Elorripen eta Lazkaoko Albokan.
Lasterketa antolatzearekin batera, elkarteak urteak daramatza lasterketatik jasotako diruarekin Saharan elkartasun proiektuak bultzatzen. Aurtengo nahia “Mendebaldeko Saharako emakume ekintzaileei keinu bat egitea da; beraiekin elkarlanean behar dituzten gauza ezberdinetan lagunduko diegu”, adierazi du Hach Embarekek. Bide batez, izen ematean haurrek eramandako materiala udan Oporrak Bakean programaren bitartez, Zeraingo aterpetxean bi hilabete pasako dituzten haur sahararrentzako izango da.