Martxoaren 8ko manifestazioa Zaldibian da aurten
Zaldibiako Udalak eta Aske talde feministak osatu duten programazioan egin dute iragarpena.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/martxoak8-zaldibia-1200x664.jpg)
Orain artean Beasainen, Lazkaon eta Ordizian txandan-txandan bukatu izan dira martxoaren 8ari lotuta Goierriko Koordinadora Feministak antolatutako mobilizazio nagusiak. Aurten ez da hala izango, Zaldibian egingo baita Goierri beheko manifestazio nagusia.
Zaldibiako Udalak eta Aske talde feministak atzo kaleratu zuten Emakumeen Egunari begira antolatu duten programazioa, eta hango egitarauan txertatuta dago. 12:30ean hasiko da maifestazioa, eta 13:00etan egingo dute ekitaldi politikoa.
Ttipi-Ttapa morerako izen-ematea
Bosgarrenez antolatu dute Zaldibiako Ttipi-Ttapa morea. Martxoaren 8an izango da, larunbata, 10:00etan. Otsailaren 28ra arte eman daiteke izena Internetez edo Karreane Kultur etxean.
Ibilbideak ohikoak izango dira: korrika edo oinez egiteko ibilbideak 5 km inguru izango ditu; egokitua motzagoa izango da eta bestelako oztopo fisikorik gabekoa.
Ibilbidea egiterako lehenik parte hartzaile guztiek beroketa batzuk egingo dituzte, ondoren neska / emakume bakoitzak nahi duen moduan egingo du Ttipi-ttapa.
Egun horretako lan ezberdinak egiteko boluntarioak ere beharko dituzte. Laguntzeko prest daudenek Internet bidez edo Karreane kultur etxean eman dezakete izena.
Martxoaren 8ko egitaraua
- 12:30. Eskualdeko manifestazioa Zaldibian, plazatik hasita.
- 13:00. Ekitaldia plazan.
- 14:30. Bazkaria Zubi-buru elkartean (tikeak Joxepanen martxoaren 2ra arte; langileek 25 euro, langabetuek 20 euro). Alergia edo intolerantzirik izanez gero, idatzi edo deitu 620460766 zenbakira.
- 19.00. Erromeria Zatekeen taldearekin. Lekua, eguraldiaren arabera.
*Oharra: Bazkarira joateko ez da beharrezkoa izango Ttipi-Ttapa morean parte hartzea.