Beasaingo Andra Mari Jasokundearen elizako sekretuak agerian
Berpizkunde garaiko, ia duela 500 urteko, horma irudiak aurkitu eta berreskuratu dituzte.

Beasaingo Andre Mari Jasokundearen elizako erretaulatik (1670. urtean eraikia) erori zen pipiz jotako egur zati txiki batek eraman ditu adituak, Berpizkunde garaiko, ia duela 500 urteko, horma irudiak aurkitzera eta berreskuratzera. Bergarako Artez zaharberritze enpresak egin ditu errestaurazio lanak eta gaur goizean Artezeko Maite Fernandezek azalpenak eman ditu bi bisita gidatutan.
16 metroko egurrezko erretaulatik eroritako zati txiki haren ondorioz, Parrokiako kideak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri eta 2008an erretaularen azterketa egin zuten. “Goiko partea desmuntatu beharra zegoela ikusi zen, egoera eskasean zegoelako”. Baian urte hartan “krisi ekonomikoa etorri zen eta bere horretan utzi zen”.
2021ean berriz
2021ean Parrokiakoak berriz ere harremanetan jarri ziren aldundiarekin “eta oraindik ere egoera okerragoa zela ikusi zen, 2008an egindako lanarekin alderatuz. Orduan ere tarteko zatia ere kendu beharra zegoela ikusi zen, pipiak jaten jarraitu baitzuen erretaula”. Beraz, 2022. urtean hasi ziren egurrezko erretaula desmuntatzen. Erretaulako pipia kentzeko anoxia sistema erabili zuten. Ondoren, pipiak jandako egurra kendu eta egituraren sendotzen bat egin zuten intxaur, haritz eta gaztaina egurrarekin. Mihiseak ere sendotu zituzten.
Margo irudiak
1670ko egurrezko erretaulak ordea, sekretua ondo gordea zuen: Berpizkunde garaiko, ia duela 500 urteko horma irudiak. Elizako lehen erretaula zen.
Horma irudiak agertu zirenean Pedro Etxeberria historia katedradunarekin harremanetan jarri ziren, “Berpizkunde garaiko horma irudietan aditua baita. Berak esaten du, Berpizkunde garaiko eliza guztiak margotuta zeudela”.
Beasaingo kasua ikertzen hasi zen eta “aurkitu zituen kontratua, tasazioa eta epaiketaren baten informazioa. Kontratuan agertzen da Juan de Landa margolariak 1550. urtean margotu zituela Kristoren pasioko 5 pasarteak”.
Ikerketa lana
Informazio hartatik tiraka, 2022. urtean katak edo ikerketak egin zituzten “leiho txikiak eginez, geruza ezberdinak kentzeko. 100 leiho edo kata baino gehiago egin ziren eta denetan margoak agertu ziren”. Horma irudiak errestauratzeko lanean, 6 hilabetez 6 pertsona aritu ziren lanean. “1670. urtean erretaula jarri zenetik, 370 urteko zikina pilatutako margo lanak ziren. Bisturiak, Milan ezabagomak eta pintzelak erabili dituzte garbitzeko, eta akuarelak margotzeko”.
Bi erretaulak
Egurrezko erretaula jartzearekin batera, horma irudiak ere bistan utziko dituzte: Egurrezko erretaula berritua aurreratzea erabaki dute, atzeko margolanak bistan uzteko. “Horretarako presbiterioa tokiz aldatuko dute. Eskailerak kendu eta aurreratuko dituzte, margolanak ikusteko balkoitxo bat eta pasabide bat eginda”.
Orain arteko lanak eta egiteko daudenak, aldundiak, udalak, jaurlaritzak eta parrokiak finantzatuko dituzte.























