Ordiziako Aita Urdanetako bost zedroak botatzen hasiko dira bihar
Maitane Alvarez zinegotziaren esanetan, "zedroen gehiegizko hazkundea izan dute, eta arrisku handia eragiten dute inguruko etxebizitzentzat".

Ordiziako Udaleko Maitane Alvarez zinegotziak gaur jakinarazi duenez, bihar, Aita Urdaneta etxaldeko lorategietako bost zedroak botatzeko lanak hasiko dituzte. “Zedroen gehiegizko hazkundea izan dute, eta arrisku handia eragiten dute inguruko etxebizitzentzat”. Horrekin batera, “haien azpian gelditu diren hosto galkorreko zuhaitzen hazkundea oztopatzen dute”. Adituen arabera, “konifero handiak ez dira egokiak hiriguneetarako, haien hazkundea geldiezina delako. Gainera, azken aldiko haize bolada indartsuek kalte material eta pertsonalak eragiteko arriskua dakarte”.
Alvarezen esanetan, “ez da erabaki pozgarria” udalarentzat: “Guretzako zaila izan da hartzea, baina beharrezkoa zen, segurtasuna denaren gainetik jarri dugulako”. Erabaki horren atzean “urtetako gogoeta” dagoela nabarmendu du Alvarezek. “Herriko zuhaitzen egoeraren azterketa bat egin zen, eta zuhaitz hauek egoera onean badaude ere, konifera handiak hirigunean izatea ez da egokia ikusten. Gehiegizko hazkundea dute eta kalte material eta pertsonalak eragiteko arriskua dago”. Gainera, zedro horiek haien azpian zeuden 28 tilo edo ezki-zuhaitzen hazkundea oztopatzen zuten, eta honela, hosto galkorreko zuhaitz horiek birgaitu eta hazkunde hobea izateko aukera izango dute; eta bide batez, berdegune honen iraupena ziurtatuta geldituko da”.
Bihar hasiko dira zedroak erretiratzeko lanak, eta hainbat neurri berezi hartuko dituzte, zuhaitzen tamaina handia dela eta. “Orain da egiteko momenturik onena, batetik ilgoran gaudelako, eta orain delako zuhaitzak kentzeko eta egurraren kalitatea mantentzeko momenturik onena, gero egur horri aprobetxamendu bat emango baitzaio”.
Zuhaitz landaketen garaia dela aprobetxatuz, datozen egunetan eta asteetan herrian beste 30 zuhaitz landuko dituztela jakinarazi du, denak bertako espezietakoak.
70 urteko zedroak
Aita Urdaneta etxaldea eraiki zutenean, 50eko hamarkadan, landatu zituzten bost zedroak etxea inguratzen duten bi lorategietan. 70 urtean, “etxebizitzen tamaina gainditu ez ezik, ia bikoiztu ere egin dute. Etxeei oztoporik ez egite aldera, pisuen altuerako adarrak moztu egin dira orain arte, eta adar guztiak, etxebizitzen alturaren gainetik kokatzen dira. Honek, azpiko hosto galkorreko zuhaitzen garapena kaltetzeaz gain, arriskua ere suposatzen du zuhaitzen egonkortasunean, masarik handiena altueran pilatzen baita. Hau, haizete bortitzen aurrean arriskutsua gerta daiteke, eraikinaren gainera eror litekeelako. Azken boladan gero eta ohikoagoak diren muturreko klima fenomenoak direla eta, 100 kilometrotik gorako haize boladak gero eta ohikoagoak izaten ari dira”.
Alvarezen esanetan, “zuhaitzek etxebizitzekiko duten gertutasuna ikusita, horietako bat eroriko balitz, eraikuntzan kalte izugarriak eragingo lituzke, eta kalte materialez gain, Aita Urdaneta etxaldean bizi den jende kopurua aintzat hartuta, kalte pertsonalak izateko arriskua ere badago”.