Ordizian hasiko da ostiralean dantzari gazteen topaketen egutegia
Herri arteko dantzari gazteen topaketako lehen jardunaldia Ordizian da ostiralean. Ekaineko azken asteburuan, Seguran elkartuko dira Euskal Herriko dantzari gazteak.

Dantzari txikien egunak eta topaketak ohikoak dira, baina duela urte batzuetatik herri desberdinen arteko dantzari gazteen topaketekin hasi ziren Goierrin, dantza egitea haurren kontua bakarrik ez dela aldarrikatzeko, eta haur izaten utzitakoan ere dantzan jarrai dezaten gazteek. Pixkanaka, gero eta talde gehiagok egiten dute bat egitasmoarekin. Aurtengo herriarteko topaketan egutegia ere antolatu dute, Anitz (Anoeta), Alurr (Ibarra), Axari (Idiazabal), Oin Arin (Lazkao), Irrintzi Alai (Legorreta), Amets Bide (Ordizia) eta Iztueta (Zaldibia) dantza taldeek.
Ostiralean, otsailaren 21ean, Ordizian izango da lehenengo jardunaldia. 19:00etan, Plaza Nagusiko oholtzan egingo dute ekitaldia. Ostiraleko topaketan, Allur, Anitz, Oin Arin, Irrintzi Alai eta Amets Bideko dantzariek hartuko dute parte.
Egutegia
- Otsailak 21: Ordizia.
- Martxoak 29: Zaldibia.
- Apirilak 5: Idiazabal.
- Maiatzak 9: Lazkao.
- Ekainak 13: Anoeta.
- Ekainak 14: Ibarra.
- Zehazteko: Legorreta.
Seguran
Bestalde, Euskal Herriko III. Gazteen dantza topaketa Seguran antolatuko du Euskal Dantzarien Biltzarrak, ekainaren 27tik 29ra bitartean. Euskal Herri osoko dantzari gazteak bilduko dira Seguran, «dantza tradizionalaren arteko erreleboaz hausnartzeko eta komunitate sentimendua indartzeko asmoz». 15 eta 25 urte arteko ehun dantzari gazte baino gehiago elkartzea aurreikusten dute. «Esperientzien trukerako eta kultur jardueretarako lekua egongo da». Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute otsailaren 24tik martxoaren 21era bitartean.
Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko bi bide daude: gazteendantzatopaketa.eus eta gazteendantzatopaketa@gmail.com.
Gaur, 20:30ean hasita, online bidezko informazio saioa egingo dute bit.ly/infosaioa loturan.