Beñat Garmendia pilotariak San Frantziskoko Euskal Etxearen festan jokatu du
San Frantziskoko Euskal Etxearen 43. urteurrena izan da. Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzarekin bidaiatu du beasaindarrak.

Diasporako euskal herritarren festa handi bateko parte izateko aukera izan du Beñat Garmendia (Lapke) beasaindarrak, beste behin ere. San Fratziskoko (AEB) Euskal Etxearen 43. urteurrenean pilota erakustaldia egiten izan da asteburuan, Euskal Herriko beste pilotari batzuekin batera. Iaz ere parte hartu zuen Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak itsasoaz haraindi antolatzen duen bidaian, denboraldian zeharreko garaipenen sari. Aurtengoan, bidaia-lagun izan ditu Irati Ruiz de Azua (Errekaleor), Xabier Rekalde (Txumuluxueta), Amaia Irazustabarrena (Hernani CD), Laura Saez (Errekaleor, Manex Balerdi (Soraluze), Leire Galdos (Hernani CD), eta Aitor Mendizabal (Soraluze).
Kaliforniako Basque Cultural Centerreko frontoian pilota eta pala partidak izan ziren asteburuan, urtero, bertan dagoen Euskal Etxean egiten den jaiaren barruan. Pilotari goierritarrak, bertako ospakizunean eta partidetan arnasten den giro ezin hobeaz gozatzeaz gain, turismoa egiteko aukera ere izan du. Pilotariak kontatu duenez, egunotan Las Vegasen dabil eta asteburuan, berriz, San Frantziskoko Euskal Etxera itzuliko da, bertako jendearekin esku pilota entrenamendu saio batzuk egiteko eta Euskal Herritik eramandako pilota materiala partekatzeko.