Bezeroa hazitarako patata eske
Ardi gazta berri geroz eta gehiago dago ferian, eta aldiz, sagarrak bukatzen. Takilla adimentsuak erabiltzen hasi dira.

Oso goiz atsegina, 13 gradutik gora eta eguzkitsu, baratzeko lanetarako jendea animatu da. Jendea hazitarako patata erosten hasi da. Zuhaiztiko goialdeko kantoian duen postuan Jabier Lacallek urtero bezala –oraindik goiz dela, lurrak beroa behar duela eta eguraldiak duela azken hitza esanez– aurkeztu du aurtengo eskaintza: goiztiarra nahi duenak Jaerla du aukeran. Salduena Agria da, frijitzeko egokiena izatearen fama badu ere, egosia edota labean ere goxoa. Beste hiru mota ere baditu, Spunta, Monalisa eta Desire gorria, bezeroen gustua asetzeko lain. Denak ere 1,20-1,50 euro artean kiloa.
Arantxa Iparragirre Montesenekoak goizean goiz esana: «Gaur aproposa urteko tipula buruzabal gorri landarea erosteko, ilbehera eta eguraldi ona». Babesean dauden kala batzuk loratu dira 5 euroan sorta, Jaione Irazustaren postuan.
Joan zen astean aipatu genuen Lasaren postuan –gaur etortzerik ez dute izan– gazta berria bazutela. Gaur Itziar Etxeberriaren postuan ere bai, bi artzainenak, 20,5-23,5 euroan kiloa.
Corellako olio berria salgai
Gabiriako Oñatibi Txikiko Jose Antonio eta Errezilgo Mugarrietako Simon azken sagar kiloak saltzen ari dira, bi aste eta hilabete arteko jeneroa dutela kalkulatzen dute. Azkenekoak Topac, Granny Smith eta Mokotxa dira.
Uliako Labea postuan izan ohi dute Corellako olioa, ekologikoa. Haien La Noria etxaldeko olibondoetako Arbekina oliben azken uztako olioa gaur ekarri dute, 5 litro 50 euroan.
Udaletxe azpian jarri berri dituzten takilla adimentsuak erabiltzen hasi dira. Berrikitan aurkeztu duten aplikazioaren bidez ekoizlearekin harremanetan jar daiteke bezeroa eta erositakoa bertatik jaso dezake. Hantxe ikusi ditugu Iñaki Intxausti eta Beñat Telleria bizpahiru kutxatan eskaria uzten. Ea bada erabilpenera ohitu eta ugaritzen den azokara joaterik ez dutenen eskaria.

Corellako olioa Uliako Labekoen postuan.Lierni Elortza