Bi legazpiar Euskal Herriko argazki rallyen gailurrean
Gorka Gomezek Herriz Herri txapelketa irabazi du, eta Gurutze Langarika laugarrena izan da. Biak Ikatza elkarteko kideak dira, eta irrikan daude edizio berria hasteko. Legazpikoa irailaren 14an da.

Gorka Gomez eta Gurutze Langarika Euskal Herriko argazki rallyen gailurrean kokatu dira, Herriz Herri txapelketaren bederatzigarren edizioan lehenengo eta laugarren postuak irabazita. Ataunen duela egun gutxi egindako ekitaldi batean jaso zuen txapeldunaren makila Gomezek, eta laugarrenaren garaikurra Langarikak.
Herriz Herri txapelketa berria prest dago. Hamalau rally bilduko ditu aurten, apirilaren 6an hasiko da Irunen eta Legazpin irailaren 14an egingo du geldialdia. Gomez eta Langarika irrikan daude edizio berriari heltzeko.
Ikatzako zirikatzaileak
Ikatzako kideak dira biak, eta elkartea oso pozik eta harro dago. Edizio berrian elkartetako sailkapena izango da, eta paper ona egingo dutelakoan daude, banaka zein Ikatzak berak. «Argazkilari guztiek jarri ahal izango dute bere aletxoa sailkapenerako», azaldu du Gomezek, «aparteko pizgarri bat izango da, eta ziur inoiz rally batean parte hartu ez duenak ere parte hartuko duela aurten».
Azken batean, «talde lana» izango da Langarikaren esanetan. «Guk grina sortu dugu elkartearen barruan. Orain zazpi-zortzi ibiltzen gara rallyetan, eta batzuk horrelako lehiaketetan hasi berriak dira. Giro polita dugu gure artean». Horrela, Ikatza argazkilari gehien mugitzen duen elkarteetako bat bihurtu da.
«2025eko ligan elkarteko argazkilari guztiek jarri ahal izango dute bere aletxoa sailkapenerako»
Gorka Gomez. Ikatzako argazkilaria
Langarikak «oso gustuko» ditu rallyak. «Gure artean dugun lagun giroaz gain, argazkigintza lantzen duzu, eta asko ikasten da. Argazkilariontzat eskola ona da». Eta «modan daude» erantsi du Gomezek. Pandemiaren ondoren berpiztu omen da rallyen modalitatea.
Herriz Herri txapelketak ere azken edizioan hartu du indarra. Bi legazpiarrek lehen aldiz parte hartu dute sailkapenari begira. «Lehen rally solteak egiten genituen, eta iazkoa izan zen makila lortzeko ia txapelketako guztietan parte hartu dugun lehen urtea», azaldu du Gomezek. «Gorkak serio hartu zuen ligan puntuak lortzea makila irabazteko, eta besteok ere, ni batez ere, animatu egin ginen. Berak eman digu bultzada hori», azpimarratu du Langarikak.
Baina Ikatzako beste argazkilari bat dago haren atzean: Julian Gil. Gomezek gogoratu duenez, Ikatzan sartu zenean, «Julian zen rallyetan parte hartzen zuena eta besteak animatzen ibiltzen zena beti». Bera Gilek zirikatuta hasi zen.
Gai xelebreak
Baina, nola funtzionatzen du rally batek? «Goizeko 9ak inguruan hasten zara. Bost gai ematen dizkizute, eta gai bakoitza nola landuko duzun eta nola jasoko duzun argazkian pentsatu behar duzu. Izan daiteke gai zehatz bat, triangelua bezala, edo ideia bat, irribarrea bezala», dio Langarikak. Teknikoki argazkia nola egingo den ere kontuan hartzen da, izan ere, «argazkiak ezin dira editatu, ezin da ukitu distira, argia edo kontrastea, esaterako». Denbora amaitutakoan, «36 argazki entregatu behar dira, eta egun batzuk dituzu gero, lasai aukeratzeko azkenean lehiaketara aurkeztuko dituzunak, gai bakoitzeko bat».
«Guk grina sortu dugu elkartearen barruan. Orain zazpi-zortzi ibiltzen gara rallyetan, eta batzuk horrelako lehiaketetan hasi berriak dira. Giro polita dugu gure artean»
Gorka Gomez. Ikatzako argazkilaria
Gaiek zehatzak izan behar dute, baina noizean behin xelebreak tokatzen dira. Tolosako rallya dute gogoan: «Euskal abestiei egiten zieten erreferentzia. Lau teilatu gainean, Hegoak ebaki banizkio, Isil-isilik dago, Artillero dale fuego, eta Martixu nora zoaz ziren gaiak. Zailak izango ziren, baina ez ziren gaizki konpondu, Gomezek bigarren saria atera zuelako, eta Langarikak zortzigarrena. Orduan beste legazpiar batek irabazi zuen: Josu Altzelaik.