«Izugarri gozatu dugu orain arteko prozesuarekin»
Ordiziarrock-ek antolatzen duen Delikantuz egitarauaren barruan Nabasi musika taldearen txanda izango da, bihar. Pablo Sanchez (Ordizia, 1979) bateria jotzailea dago tartean.

Musika talde desberdinetan ibili ondoren, 2019ko azaroan elkartu ziren Pablo Sanchez ordiziarra, Eneko Oiarbide donostiarra eta Iñigo Azkue eta Lander Azkue zarauztarrak Nabasi proiektua sortzeko. Zarauzko lokal huts batean abiatutako prozesuaren ondorioz erne da Lahar diskoa.
Post-core, emo edo shoegazea nahasten diren zortzi abesti sortu dituzte. «Batzuetan gogorra, besteetan lasaia, baina beti ahots oso pertsonal batekin borobiltzen dira doinuak». Bihar drama, Hautsa, Bi labankada, Amore, Meinhoff, Lege berria, Paxpurrak eta Azken dantza dira Lahar diskoa osatzen dutenak.
Nondik nora sortu zen Nabasi taldea?
Beste musika talde batzuetan genbiltzan eta 2019an elkartu ginen. Egia esan, berehala hasi ginen abestiak sortzen baina gero geldialdia egon zen. Hasi eta handik gutxira pandemia etorri zen. Entseatu gabe denbora bat egon ginen 2021era arte edo. Enekok, lehenengo gure abeslariak, utzi egin zuen taldea. Azkue anaiak (bajista eta gitarra) eta ni (bateria) geratu ginen, abeslari gabe geunden eta beste urte erdi batean zer egin ez genekiela egon ginen.
Baina aurrera egitea erabaki zenuten.
Ez genekien zer egin. Proba batzuk egin genituen. Neska bat sartu zen, baina nesken ahotsarekin ez zuen funtzionatzen. Abestiak instrumentalean genituen, ahotsik gabe. Azkenean Jon Ferrera sartu zen, eta urtebete pasatxoan, kantuak borobiltzen aritu ginen. Patxadaz hartu zuen Jonek, eta kantuei ukitua ematen hasi zen; kantuak eraberritu zituen. Abestu eta gitarra jotzen du Jonek. Azkenean, iaz, burua altxatu genuen. Kostatu zitzaigun, prozesu luzea izan da.
«Beste musika talde batzuetan genbiltzan eta 2019an elkartu ginen. Egia esan, berehala hasi ginen abestiak sortzen baina gero geldialdia egon zen»
Lahar diskoa da emaitza, zortzi kantuz osatua.
Bai, gurea dela sentitzen dugu. Diskoaren sortze prozesua eta grabaketa gure kabuz egin du, Iñigo beraren (Azküe Soinua) gidaritzapean. Diskoa kaleratzeko zigilu bat sortu dugu Jazpanako jendearekin eta Nabasiren diskoa lehenengo erreferentzia izan da. Guk egin ez dugun gauza bakarra masterizazioa izan da. Victor Garciak masterizatu du Ultramarinos Costa Brava estudioan.
Emaitzarekin gustura?
Prozesuan izugarri gozatu dugu. Izugarri gozatu dugu orain arteko prozesuarekin, eta hori mantendu nahi dugu; lokalera joatea, konposatzea… Orain diskoa daukagu esku artean eta ondo doa orain arte. Niretzat bai, baina uste dut besteentzat ere bai, proiektu nahiko berezia izan da. Lokal huts batean sartu ginen. Gure bajista, Iñigo, soinu teknikaria da eta bere lanetarako estudio bat muntatu nahi zuen. Eta era berean gure entsegu lokala izatea nahi genuen. Lokal huts bat hartu, guk intsonorizatu, diskoa guk grabatu dugu… Hasieratik, gure-gurea izan da. Horregatik luzatu da agian prozesu guztia.
Bihar, etxean, Ordiziako D’Elikatuzen joko duzue kontzertua. Txoko berezia da musikarientzat.
Niretzat behintzat bai, Ordiziakoa izanda. Taldeko besteentzat ere bai, iazko uztailean, lehenengo kontzertua Ordiziako Olano tabernan eman genuen eta. Taldea zarauztarra da, baina ni ordiziarra izanda Ordizian debutatzera behartu nituen. Inoiz ez dut D’Elikatuzen jo. Niretzat lehenengo aldia da.
«Taldea zarauztarra da, baina ni ordiziarra izanda Ordizian debutatzera behartu nituen. Inoiz ez dut D’Elikatuzen jo»
Kontzertuetan sortze prozesuan bezala gozatzen duzue?
Gaizki dago nik esatea, baina feedback bat lortzen dugu kontzertuetan. Jendeak arretaz jarraitzen ditu kontzertuak. Amaieran jendea etortzen da gauzak komentatzera… Egiten dugun musika ez da popularra edo dantzagarria. Gozatzen ari gara kontzertuetan.
Zein estilotako musika egiten duzue?
Etiketak ez zaizkit asko gustatzen baina hardcoretik estilo eboluzionatu bat badago, emoa, emotional hardcore deitzen zaiona, suabeagoa… abiapuntua hori izango zen, rock alternatiboa…
Ordiziakoaz gain, epe motzean beste kontzerturik egingo duzue inguruan?
Momentuz, Urretxun martxoan eta Beasainen uztailaren 5ean Sigi-Sagas festen.
Diskoa, biniloan atera duzue.
Plataforma guztietan dago entzungai baina diskoa biniloan ere atera dugu. Fisikoan eduki nahi genuen.