Maiatzaren 11n jokatuko da aurten Segura-Zerain mendi lasterketa
Bi berrikuntza nagusi izango ditu zortzigarren edizioak. Larunbat arratsaldetik igande goizera aldatu dute proba. Korrikalari gehien dituen kintari saria ere banatuko dute, lehenengoz.

Segura-Zerain mendi lasterketaren 8. edizioa maiatzaren 11n ospatuko da aurten, eta bi berrikuntza nagusirekin datorrela iragarri dute antolatzaileek. Larunbat arratsaldetik igande goizera pasako da proba, batetik; eta sari berri bat gehituko zaio orain artekoei, bestetik: korrikalari gehien dituen kintari saria, hain zuzen.
Segura-Zerain «lasterketa herrikoia» da eta hala izateko bokazioarekin antolatuko dute aurten ere, baina egindako aldaketak parte hartzean eragiteko asmoz egin dituzte. Jon Iñaki Izagirre antolatzaileak zehaztu duenez, «200 eta 250 korrikalari inguruk» hartu ohi dute parte lasterketan, «gutxienez parte hartzaileen kopurua mantendu nahi dugu eta ahal dela baita hobetu ere», dio. Larunbat arratsaldetik igande goizerako aldaketak horretan lagunduko duela uste du.
Herrikoia bai, eta lasterketa goierritarra ere badela esan daiteke, korrikalari gehienak eskualdekoak izan ohi direlako, «bai neska eta baita mutil ere». Nesken parte hartzea orokorrean goraka doa eta «pozik» daude alde horretatik ere. Ohi bezala bi lasterketa egongo dira aukeran; Trail edo luzea, 25 kilometrokoa(9:30) eta Sprint edo motza, 14 kilometrokoa (10:00). Ibilbidean ez da aldaketarik izango.
Kinto egunari keinua
Bigarren berrikuntzak Kinto Egunarekin du zerikusia. Lasterketan Goierriko korrikalari askok parte hartzen duten arren, ingurukoen parte hartzea sustatu nahi dute sari berri honekin. Hainbat baldintza ezarri dituzte irabazleentzat, «lasterketa hasi eta bukatu egin beharko da. Segura, Zerain eta Mutiloan erroldatutakoen artean soilik banatuko da saria eta berdinketa kasuan, nesken parte hartzea baloratuko da», zehaztu du Izagirrek. Saria «xumea» izango dela aurreratu du; «antolakuntza taldeak Segurako elkarte batean prestatuko duen afaria, maiatzaren 31n».
Sare sozialen bitartez hasita daude aurtengo berrikuntzak herritarren artean zabaltzen; «batzuk animatu dira dagoeneko izena ematera», aurreratu du Izagirrek. Izan ere, irekita dago izen ematea jada kronoak.com web gunean. Martxoaren 31ra arte 25 euro (luzea) eta 20 euro (motza) balioko du izen emateak eta data horretatik maiatzaren 9ra arte 5 euro gehiago izango dira. Beti bezala, dortsalarekin batera «kamiseta polit bat eta beste opariren bat» ematen saiatuko dira antolakuntzatik.