Zahartzaroaren erronkak hizpide Ataunen
Aztiker Ikerketa Taldeak abiatutako proiektuaren barruan bildutako datuak eta ondorioak aurkeztuko dituzte. Javier Yanguas gerontologoa izango da hizlarietako bat.

Ataungo Udalak hitzaldi bat antolatu du gaurko, adinekoen beharrak eta herriaren etorkizuneko erronkak aztertzeko helburuarekin. Ekitaldia 18:00etan izango da udaletxeko ganbaran, eta zahartzearen erronkei eta aukerei buruzko hausnarketa prozesu baten barruan kokatuko da.
Hitzaldian, besteak beste, udazkenean Aztiker Ikerketa Taldeak abiatu zuen proiektuaren barruan bildutako datuak eta ondorio nagusiak aurkeztuko dituzte, hain zuzen, adinekoen kezkak eta etorkizuneko behar posibleak identifikatzeko oinarri izango direnak. Prozesu horretan zehar, herriko hainbat adinekok parte hartu dute, elkarrizketa eta galdetegien bidez beren beharrak, kezkak eta iritziak partekatuta.
Helburua da etorkizuneko erronkei modu egokian erantzuteko oinarriak finkatzea eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzea eta haien parte-hartze aktiboa sustatzea. Ataungo Udalak ezinbestekotzat jo du herrian zahartzaroaren inguruko hausnarketa kolektibo bat piztea, eta etorkizunari begira aurrerapauso bat izatea nahi du. Hitzaldira bertaratzeko gonbidapena luzatzeaz gain, prozesuan parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Ongizaterako tresnak
Hitzaldian parte hartuko duten hizlarietako bat Javier Yanguas Lezaun izango da, psikologian doktorea, gerontologoa eta La Caixa Fundazioaren adinekoen programako zuzendari zientifikoa. Yanguasek zahartzaroaren erronka nagusiak aztertzeaz gain, ondorioak ere partekatuko ditu, besteak beste, gaur egungo gizartean adinekoen ongizatea bermatzeko tresnak eta ikuspegia eskainita