Ibarre eta Lurdesen dendetatik, Ibalurrera
Itsasondoko plazan Ibalur herri denda irekiko dute bihar. Udalak apustua egin du herrian bertan kalitatezko zerbitzua emateko. Egunero egongo da irekita.

Kontxi Rodriguez eta Feli Veguin atzera eta aurrera ibiliko dira gaur Itsasondokoop denda zaharretik (itxita izango da), Ibalur denda berrira, batetik bestera produktuak eramaten, eta denda berria hornitzen. Bihar, 18:00etarako prest egon behar du denak, horrelako zerbitzu eta erronka batek merezi duen inaugurazio ekitaldirako. 18:00etan irekiko dute Ibalur. «Sorpresaz betetako inaugurazioa izango da», aurreratu du Nagore Etxeberria zinegotziak.
1999. urtera arte udaletxe ondoan egon zen Ibarre denda-taberna. Hura itxi izenean, 2000an herriko lokal bat egokitu zuen udalak oinarrizko zerbitzua emateko. Hura kudeatzeko deialdia egin eta Lurdes Aranburuk, 21 urtean eraman zuen Lurdes janari dendaren ardura. Aranburuk utzi zuenean, beste deialdi bat egin eta Itsasondokoop izenarekin eman zioten jarraipena proiektuari Kontxi Rodriguez, Feli Veguin eta beste bi lagunek, 2021eko martxoaren 1etik.
Ostiraletik aurrera, beste fase bat irekiko da Itsasondon, plazan bertan udalak egokitu duen lokalean Ibalur denda irekiko baitute. Europako Next Generation diru funtsetik ia %100 finantzazioa lortu dute.
Aitortza
Ibarre eta Lurdes izenak batuta sortu dute Ibalur. Kokalekuari dagokionean ere, bi denden tartean dago, herriko plazan. «Ibarre eta Lurdes guretzako herriko bi gune oso erreferente izan dira. Zerbitzu handia eman dute eta nik uste dut, beraiei ere aitortza bat egiteko balio duela. Beraiei aitortza egiteko modua da bi izenen batura». 130 metro koadroko gunea da. «Tandem komunikazioa aritu da sorkuntza lanean: bai irudia, logoa, izena… Izugarrizko lanketa egin dute. Beraiei ere aitortu behar zaie egindako lana».
Handiagoa, irisgarriagoa
Etxeberria zinegotziaren esanetan, udalak «apustu handia» egin du herrirako zerbitzu hobea eta osoagoa emateko helburuarekin. «Lokala erosi zenean ikusi zen bazela garaia apustua egiteko, zerbitzua zabaltzeko, irisgarria izateko, dena maila batean, gertuago izateko… Plazan bertan dago Ibalur, oso leku ona da. Herri bizitza plazan bertan egiten da».
«Ibarre eta Lurdes guretzako herriko bi gune oso erreferente izan dira. Beraiei aitortza egiteko modua da bi izenen batura»
Nagore Etxeberria. Itsasondoko zinegotzia
Izan ere, «herriari bizia ematen dion» zerbitzu bat da. «Pentsa, dendarik eta tabernarik gabeko herria, agian hildako herri bat izango litzateke. Astelehenetan Kaxintane ixten dutenean nabaritzen da hutsunea». Era horretan, udalean garbi dute, herriak bizirik mantendu nahi izanez gero, »eta herri txikiak gehiago, zerbitzu on bat eman behar» dela. «Jendea berez nahikoa joaten da aldameneko herrietara. Ez baduzu ematen edo eskaintzen behar duten hori, alde egingo dute».
Araman eta Altzagan ere bai
Egunero egongo da irekita Ibalur: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00ak arte, etenik gabe, asteburuetan eta jaiegunetan, 08:00etatik 12:30ak arte. Ordutegi horretatik kanpo erosketak jaso nahi dituenak, kanpoaldean jarri dituzten armairu hozkailuetan jasotzeko aukera izango du. Itsasondon bakarrik ez, Araman eta Altzagan ere jarri dituzte armairuak edo takillak, «hiru herriak batzea, hiru herriei zerbitzua ematea ere izan baita apustua».
Berrikuntza gehiago ere badira: erosketak online ere egiteko aukera izango da, Ibalur.eus webgunearen bitartez. Bestetik, «asmoa ere badago etxez etxeko banaketa egiteko, beharra dutenei».
Denda bat baino gehiago
Denetariko erosketak egiteko tokia bakarrik ez, herritarren arteko topagunea ere izan nahi du Ibalurrek. «Bertako ekoizleen produktuen erakusleihoa izatea nahi dugu eta tarteka erakusketak, dastaketak eta tailerrak ere egin nahi dira. Sukalde txiki bat egokitu da horretarako». Izen emateak, txartelak saldu… «Beti prest gaude herriari ekarpena egiteko prest», dio Rodriguezek. «Mugi txartela eta mugikorrak ere kargatzen jarraituko» dutela gogorarazi du Veguinek.