Irakurzaletasunari hauspoa emateko kanpaina abiatu dute Beasainen
‘Ireki liburuak begiak irekitzeko’ lemari eutsiz abiatu dute kanpaina Udalak eta liburutegiak. Irakurzaletasuna sustatzeko hamalau ekintza izango dira apirilera arte. Egitarau osoa albistean.

Ireki liburuak begiak irekitzeko lemari eutsiz abiatu dute irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina Beasainen. Gaur goizean eman dituzte xehetasun guztiak Mariola Pascual kultura zinegotziak eta Rebeka Piñeiro udal liburutegiko arduradunak.
«Ekimen honekin, irakurketaren bidez gai sozialak lantzea eta eskaintza anitza izatea nahi dugu, ekintza eta egitasmo ezberdinak antolatuz, bai banakakoak bai taldekakoak» azaldu du Pascualek. «Gainera, Euskal kultura sustatzea, euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea eta bidenabar euskarazko literatura ezagutaraztea» dira helburu nagusiak. Baita ere, «udal liburutegiaren dinamikak herritarren kultur beharretara egokitzea».
Horretarako, «hamalau ekintza» antolatu dituzte elkarlanean, «adin tarte eta gustu guztietara egokituta», Piñeirok azaldu bezala. Ipuin kontaketa saioak, liburu aurkezpenak, solasaldiak, eta beste hainbat izango dira. Datorren asteazkenean, martxoak 5, haur eta familien irakurketa klubaren saioarekin emango diote hasiera kanpaina berriari. Apirilaren 28ra arteko egitaraua aurkeztu dute gaurko aurkezpenean. Egun horretan, liburutegiko buzoian 2026 urteko kanpaina indartzeko iradokizunak egiten dituztenen artean, bi liburu sorta zozkatuko dituzte.
Proposamenak
Mejillon Tigre kolektiboaren Hitz esana ikuskizuna izango da martxoaren 15ean. Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia da honakoa, hau da, ahozko usadio bat da, performance poetikoaren molde bat, poesiarekin batera, musikaren eta antzerkiaren osagaiak erabili ohi dituena. Ane Zubeldia Igartza literatur bekaren azken irabazleak parte hartzen du kolektibo horretan.
Martxoaren 27an, berriz, Frankestein agurgarria izenburupean errezitaldi musikatua izango da. Pettik eta Ana Galarragak sortutako emanaldi bat da, Mary Shelleyren Frankensteinetik abiatuta, baina gaur egunera ekarrita. Victor Frankensteini bidalitako gutun musikatua da, nolabait esateko. Hitzak eta kantuak uztartzen ditu, eta estreinatu zenetik makina bat emanaldi egin dituzte.
Irakurle taldeak
Irakurle talde desberdinek ere izango dute presentzia Ireki liburuak begiak irekitzeko kanpaina honetan. Haziera eta heziketaren korapiloak izenpean, literatur tailerrak egitea da taldearen xedea. Bertan, haur eta hezitzaileek, haur eta gazte literaturan oinarrituta nolabait formatzeko eta ideiak partekatzeko espazio bat izango da. Martxoko saioa Ane Ablanedo Larrion idazle eta hezitzaileak gidatuko du, non Zapalduon pedagogia edo libre hazi, bizi, hezi liburua aurkeztuko duen. Bilduma honetan, Aneren artikulu guztiak dira askatasunaren aldeko deia, edota askapenerako aldarri, eta denek luzatzen dute iraultzarako gonbita esplizitua.
Horretaz gain, Beasaingo helduen ohiko irakurle taldeak ere aurrera jarraituko du, Aintzane Usandizaga idazlearen gidaritzapean. Talde hau ere Udal liburutegian biltzen da, hilabetean behin, asteazkenetan. Hurrengo saioa iragartzeko ere baliatu dute aurkezpena, izan ere, gonbidatu berezi batek parte hartuko du irakurle taldearen solasaldian. Lizar Begoña 25. Igartza literatur bekaren saridunaren Mundu zitalaren kontra liburua izango dute hizpide. Martxoaren 21ean izango da.
Bi ekitaldi horietan parte hartzeko izena eman beharko da udalaren webgunean Biblioteka atalean edota udal liburutegira deituta.
Aipatu ere, duela bi urte martxan jarri zuten haur eta familientzako irakurketa klubak jarraipena izango duela. Urbiberri gizarte zentroko eta Asmubeko irakurle taldeei ere egin diete aipamena. Hauek ere, gai desberdinak hausnartzeko espazioak dira, eta norbere egoitzan egiten dituzte saioak.
Egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.