Euskal Herriko piano jaialdian nabarmendu dira Toberako ikasleak
Ostiralean inauterietako desfilea egingo dute euskal dantzetako ikasleek Zegaman.

Tobera musika eskola partaide den Euskal Herriko Musika eta Dantza eskolen elkarteak 2. piano jaialdia antolatu zuen otsailaren 21etik 23ra. Aurretik, Andoaingo piano jaialdia zenaren ondorengoa da jaialdia; Toberako ikasleek aurretik, Andoainen egindako edizio guztietan hartu zuten parte. Aurtengo piano jaialdia eskualdeka banatuta egin da, Euskal Herri osoko ikasleen partaidetzarekin.
Tobera Musika eskolako ikasleek otsailaren 22an hartu zuten parte jaialdian, Villabonako Gurea zineman egindako bi saioetan, Hernaniko udal musika eskolako eta Loatzo udal musika eskolako ikasleekin batera. Batetik, Naiara Iraola zegamarrak Martha Mier konpositorearen Liric Nocturne jo zuen. Alexia-Georgiana Zota ikasleak Maitia Nun Zira herri abesti ezagunarekin Iñaki Salvadorrek egindako moldaketa bat interpretatu zuen, eta Izaro Madariagak Song Of The Pine Tree jo zuen, Stephen Durorena. Bestetik, Martha Mierren piezak jo zituzten Toberako piano ikasleek epaimahaiaren aurrean: June Vignolo segurarrak Sophisticated Rag jo zuen bakarka eta Maialen Ojanguren eta Inge Ormazabal zeraindarrek osatutako bikoteak Main Street Shuffle, lau eskutara isats pianoan.
Azkeneko asteetan ikasleek irakaslearekin batera egindako lanak jendaurrean “emaitza bikaina” erakusteko balio izan duela adierazi dute musika eskolatik. “Toberak egiten duen lanak Goierritik kanpora proiekzioa du, eta ikasleen prestaketa ona egiaztatzeko balio du”, gaineratu dute. Herritarrentzako beste bi emanaldi ere ari dira prestatzen dagoeneko; apirilaren 2an Segurako Txanbolinpen pianoko ikasleen entzunaldia egingo dute eta apirilaren 3an Zegamako plazan.
Inauteriak Zegaman
Inauterietako ostiralean, otsailaren 28an, inauterietako dantzen emanaldia egingo dute Toberako dantza taldeek lehenengoz, Zegamako kaleetan zehar. Kioskoan hasiko da desfilea 16:30ean. Estreinako aldi honetan, Euskal Herriko herrialdeetako hainbat inauteri dantza tradizionalen koreografiak irudikatuko dituzte Zegamako txistu bandarekin batera. Dantza batzuetan herritar guztiek parte hartu ahal izango dute, gainera. Mozorrotuta irtengo dira ikasleetako zenbait, eta festak bestelako osagaiekin jarraituko du gero, herriko eragileen eskutik: buruhandiak, txokolate-jana, poteo girotua, mozorro afaria…
Gaur egun, 100 dantza ikasle daude Tobera musika eta dantza eskolan; eta helduak 25 dira.

Jaialdian parte hartu zuten ikasleak astelehenean, Seguran ateratako talde argazkian. TOBERA MUSIKA ESKOLA