«Gaur egun txertatzen jakitea ezinbestekoa da niretzat»
Hogei urte daramatza Gabino Muruak (Gabiria, 1951) fruta arbolen eta bereziki sagarrondoen inausketa eta txertaketaren inguruko ikastaroak ematen, eta aurten ere emango ditu, jendeak hala eskatuta.

Eguraldia zela eta, aurreratu egin zuen asteazkenerako jarrita zuen hitzordua, eta atzo arratsaldean egin zuen aurreneko saioa 10-15 lagun ingururekin. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbiltzen zaio interesdun jendea: Itsasondotik, Ondarrutik… Hurrengoa, ostegunean egingo du, hilak 27, eta oraindik zabalik dago izena emateko aukera.
Noiz hasi zenituen ikastaroak?
Gabirian, Erbie elkartearen bidez, Errezil sagarra bultzatzeko ahalegin horretan hasi ginenean konturatu ginen urtero egiten genituen azoka eta lehiaketak egiteaz gain, beste ekintza osagarriren bat egitea komeni zela. Duela 20 urte inguru, erabaki genuen hori, eta geroztik daramagu sagarrondoen eta bestelako fruta-arbolen txertaketa eta inausketa ikastaroak eskaintzen. Uste baino eskari handiagoa dago sektore honetan.
Harrezkero denbora pasa da.
Hasieran, bizpahiru lagunei eskatu nien etortzeko: Ramon Aseginolaza idiazabaldarra oso jakintsua zen alor honetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ikastaro batean Josu Osa ere ezagutzeko aukera izan nuen. Osa teknikaria zen garai hartan, eta teoria mailan Euskal Herrian gehien zekiena zen orduan. Aurreneko urteetan beraiek ematen zituzten ikastaroetako azalpenak, baina ordurako nik ere banekien zerbait inausketaren inguruan, eta Osak animatu ninduen mundu honetan gehiago murgiltzera. Behin Espainian ikastaro asko egin nituela, ni neu hasi nintzen ikastaro hauek ematen. Ordutik, poliki-poliki urtero eman izan ditut, eta urtero handitzen zaigu ikastaro hauek jasotzeko eskaria.
«Harria eta izotza benetako faktore arriskutsuak dira sagarrondoen inausketan»
Pertsonalki, gaur egun txertatzen jakitea ezinbestekoa da niretzat. Filosofo jakin batek esan zuen modura, irakasten duenak ikasten du gehien, eta urteen poderioz irakatsitako guztiarekin, gaur egun, txertaketa mota ugari egiten ditut; akaso emaitza ez da konkretuki ehunekoa izango baldintza asko kontuan izan behar direlako, baina gaur egun mentua hozkailuan ondo bilduta eta jasota izanda eta landarea zertxobait aurreratua dagoenean txertatuta, emaitza beti ona izango da.
Mentuak zaintzea garrantzitsua da, hortaz.
Bai, baina gaur egun kontrakoa egiten da maiz. Jendeak behin landareak mugitzen hasiak daudela hartzen ditu bertatik mentuak, eta halakoetan, zaila da horri heltzea. Zentzu honetan, jendearen hasierako interesak ere ezberdinak ziren, batzuek nahiago zuten inausketa lantzea eta beste batzuek txertaketan sakontzea, horregatik erabaki genuen egun berean egingo genituela biak.
Inausketan, hala, sagarrondoa landu eta inausi nahi duenak jakin behar du ondo bereizten zer den frankoa –adarretik edo hazitik ateratzen dena– eta zer diren, berriz, egungo mentu oinak. Horretarako bide ematen dute ikastaroek, besteen artean.
Bereizketa horretaz gain, zertan sakontzen du ikastaroak?
Landare hezurdunen –aranondoa, gereziondoa– eta hazidunen –sagarra, madaria– arteko inausketak ezberdintzea funtsezkoa denez, aurtengo ikastaroak bi zati ditu: batetik, fruta-arbola ezberdinen inausketak egitea, kontu handiz egina eta uneoro erabiliko ditugun tresnak desinfektatuta; eta, bestetik, txertaketak. Zotzeko txertoa eta begiko txertoak ezberdintzen dira txertaketen barruan; aurrenekoa, landareari mentu adar bat itsasten diogunean egin behar da, eta bigarrena, berriz, landarea izerdi betean dagoela. Horretan guztian sakontzen ahalegintzen naiz. Duela urte batzuk saio teorikoak eta praktikoak genituen, elkarrengandik bereiziak zirenak, baina urteen poderioz aldaketak egon dira, eta gaur-gaurkoz, saio praktikoak bakarrik eskaintzen ditut, eta horietan ematen ditut azalpenak.
Txertaketa aukera desberdinak daude?
Bai, eta aukera desberdin horiek erakutsiko ditut. Zotzeko txertoaren barruan, txertatu ahal izateko hiru bide daude, txertatuko den landarearen adarraren diametroaren araberakoak direnak: batetik, txerto ingelesa, mentu oinaren diametroa 8-10-12 zentimetro bitartekoa denean; bestetik, garai bateko teknika bera aplikatu beharko da diametroa 4 zentimetrokoa denean, alegia, pitzatu eta bi aldeetan mentuak sartzearen teknika. Kasu honetan, diametroa txikiagoa balitz, ertz batean sartzea nahikoa litzateke; eta, azkenik, diametroa 20 zentimetro edo gehiagokoa bada, azaleko txertoa erabili beharko da. Otsailean ezin da azken hau egin, izerdia mugimenduan egotea behar dugulako; izan ere, azala harrotu eta bertan sartu behar zaio mentua, ez bat, baizik eta bi, hiru, edo lau. Apiril aldera egin behar da hori, baina hori ere erakutsiko diet.
«Inausketa eta txertaketan ausartu ondoren jardun egin behar da, jardun eta erreparatu»
Ba al da kontuan hartzeko faktorerik?
Aspaldi irakurri nuen gizakia nekazari bihurtu zenean, eguraldiaren menpeko bihurtu zela, eta bai, egia da hori. Eguraldiak sekulako eragina du sagarrondoen inausketan eta txertaketetan; harria eta izotza benetako faktore arriskutsuak dira alor honetan. Goizetik gauera eta egunetik arratsaldera eguraldiak dena aldatzen du. Aste honen, izatez, asteazkenean (bihar) nuen hitzordua jarrita, baina astebete lehenago eguraldiaren pronostikoak zioena zela eta, aldatu behar izan dut. Horrelakoak maiz gertatzen zaizkit.
Gaitzak ere egongo dira…
Bai, badira batzuk. Phytoplasma da erabat zabaltzen ari den birusetako bat, haren aurka ezer egitekorik ez duguna; bi sits edo tximeleta ditugu bektore gisa, alegia, birusak edo bakteriak alde batetik bestera mugitzen dituztenak, eta biak pinudietan babesten dira. Ikastaroetan inausiko ditugun landareetako batek ere nabarmen dauka gaitz hori eta interesgarria da jendeari erakustea, azken batean, arbola horretatik ezin delako menturik hartu: alearen kalitatea txikiagoa da, eta arbolak ez du indarrik. Horrez gain, baina, beste gaitz batzuk ere badira.
Luzarora begira, zein da zure asmoa?
Zutik ibiltzeko gauza naizen artean eta jendeak gehiago eskatzen duen artean, jarraituko dut ikastaroak ematen. Inausten ondo ikasteko urteak behar dira, bi edo hiru orduko saioekin ez baita nahikoa. Ondo dago jendea gutxika-gutxika mundu honekin ausartzea; oraindik bada jendea bide honetatik baliatu nahi duena bere etorkizuna. Ausartu ondoren, baina, ezinbestekoa da jardutea, jardun eta erreparatzea.