Led argiteria berria ipini dute bidegorrian
Guztira 46 led argi-puntu berri jarri dira, Irigoien poligonotik hasita Ormaiztegiraino.

Beasain eta Ormaiztegi arteko bidegorrian, led argiteria ipintzeko lanak amaitu dituzte. Guztira 46 led argi-puntu berri jarri dira, Irigoien poligonotik hasita Ormaiztegiraino. «Led argiteria jarrita jasangarritasun energetikoaren alde egiteaz gain, bizikleta eta oinezko mugikortasuna sustatzeko baldintza hoberenak eskaini nahi dira, ibilbidea atsegina eta segurua izan dadin», adierazi dute Beasaingo udaletik. Lan hauek eskaripeko semaforo bat txertatzeko ere baliatuko dela iragarri dute. Ittola poligono parean ipiniko dute, errepidea zeharkatu nahi duten oinezkoek segurtasun baldintza egokietan egin dezaten.
Kale argiteria
Era berean, herriguneko kale-argiteria LED sistemara aldatzeko fase berria ere abiarazi dute. Gobernu batzordeak, Ezkiaga auzoa, Bista-Alai, Erauskin, Fleming, Martina Maiz, Igartetxe eta Andra Mari kaleetako argiteria led sistemara aldatzeko kontratazioa onartu zuen orain gutxi. 206 argi unitate aldatuko dira guztira, datozen hilabeteetan.
Udalaren kalkuluen arabera, urteko kontsumo aurrezpena «%70ekoa» izatea espero da, «65.000kWh» ingurukoa, eta «169.800 euroko inbertsioa 7 urtetan amortizatuko litzateke».