Legazpi Winter Pride, itzela
Hamarnaka lagun elkartu dira herrian, LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren asteburua ospatzeko. Festa giroa izan da nagusi.

Legazpi Winter Pride izenez bataiatu duten topaketaren hirugarren edizioa “itzela” izan da antolatzaileen esanetan. Ostiralean hasi eta igandera arte, LGTBI+ kolektiboko kideen harrotasun asteburua ospatu dute Legazpin, atzerritik etorritako hainbat lagunek eta herritarrek. Festa giroa izan da topaketaren ardatza.
Londresen bizi den Jon Oliveira legazpiarrak antolatutako lagunen arteko asteburu pasak beste dimentsio bat hartu du aurten sare sozialen bitartez deialdi irekia egin eta gero, eta hamarnaka pertsona elkartu ditu hirugarren aldiz Legazpi eta inguruak ezagutzeko, eta “batez ere, ondo pasatzeko”. Donostiara irteera, Txillida Lantokira bisita, sagardotegia, gastronomia eta festa izan dira asteburu honetako osagaiak, eta emaitza, “aparta”. Legazpin bertan ere giro bikaina jarri dute topaketako kideek, tabernaz taberna LGTBI+ kolektiboaren banderarekin poteoan ibili zirelako, eta disko festa handia egin zutelako Kukue tabernan.