Mariarats berreskuratzeko lehenengo urratsak egin dituzte
Ordiziako eta Beasaingo udalek, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, errekaren eta arroaren egoera aztertu dute. Dibertsitate handiko eremua dela zehaztu du Aranzadik.

Beasain eta Ordiziako udalek, bi herrien mugan aurkitzen den Mariarats erreka eta haren arroa ezagutzeko eta naturgune honetako biodibertsitatea babesteko elkarlanean dihardute. Bide horretan, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, inguruko elementu natural nagusiak identifikatu, landareriaren ezaugarriak aztertu eta berreskurapenaren lehen pausoak zehaztu dituzte. Adur Ugartemendia Beasaingo Lurraldea saileko buruak eta Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko ingurumen zinegotziak, Rosa Aurkia ingurumen teknikariarekin batera, Mariarats erreka inguruan gaur eman duten prentsaurrekoan azaldu dituzte xehetasunak.
Analisia
«Bi herrietako bizilagunentzako aisialdirako espazio bat izan da, eta gainera, interes bereziko eremua da; bertako karramarroa bizi izan zen» azaldu du Alvarezek.
Hala, azkeneko urteetan eremu hori berreskuratzeko lan egin dute, garbiketa lanak eginez, eta orain, neurriak hartzen hasteko, eremuaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko diagnostikoa egin du Aranzadik, bi udalen ekimenez. «Bertako fauna eta flora zein egoeratan aurkitzen den, espezie inbaditzaileak dauden edo ez,… eta aurrera begira, gunea babesteko zein ekintza burutu behar den zehazteko lanean dihardugu», borobildu du Alvarezek.
Aranzadik egindako lanak erakutsi duenez, berezkoak diren espezieak daude eremu horretan; Pagadiak, altzak, eta hariztiak daude. Espezie inbaditzaileen presentzia ere baieztatu dute. Faunari dagokionez, Ataunen aurkitu duten bisoi europarrarentzat bizileku izan daitekeela iragarri zuten.
Hurrengo pausoak
Adur Ugartemendiak azaldu duenez, Aranzadik egindako lana herritarren eskura jartzeko, panel informatibo bat ipiniko dute, non diagnostikoaren emaitzak jasoko diren. Horren osagarri, proiektuaren berri emateko hitzaldiak antolatuko dituzte.
Aranzadik egin duen ikerketak agerian utzi du Mariarats arroa dibertsitate handiko eremua dela, baina basogintza modernoak eta bestelako mehatxuek arriskuan jarri dutela. Gaur egun, lursail gehienak pribatuak dira, eta haietako %50 habitat artifizialek osatzen dute, batez ere etekin ekonomikoa bilatzen duten landaketek.
Hori ikusita, Aranzadik bi ikuspegi ezarri ditu: alde batetik, berreskurapena behar duten eremuak identifikatzea, eta bestetik, kontserbazio berezia merezi duten tokien babesa lehenestea.
Ugartemendiak adierazi duenez, «naturgune hau babestuz eta belaunaldi berrientzako ingurune osasuntsu eta iraunkorra bermatzea izango dira helburu nagusiak».