Martxoaren 8an Zaldibiara joateko autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte
Beasaingo eta Ordiziako tren geltokietan hartu ahal izango dira autobusak. Hiru izango dira, berrogei minutuko tarteetan. Zaldibian egingo dute aurten Martxoaren 8ko manifestazioa.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Zaldibian izan da, eta Ioritz Berra alkateari jakinarazi dio Lurraldebusek zerbitzu bereziak jarriko dituela datorren martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, goierritarrak Zaldibiara joan daitezen errazteko, bertan egingo baita Goierri beheko manifestazioa. Diputatuaren arabera, udalak egindako eskariari erantzunez handituko dute zerbitzua egun horretan.
Zerbitzu horiek 10:40ean, 11:20an eta 12:00etan abiatuko dira Beasaingo Renferen geltokitik, 10:50ean, 11:30ean eta 12:10ean geldituko dira Ordiziako Renferen geltokian, eta 11:00etan, 11:40ean eta 12:20an iritsiko dira Zaldibiara, Bilore lantokia zegoen papera. Itzultzeko ordutegia honakoa izango da: 13:30ean, 14:00etan eta 14:40an irtengo dira Zaldibiatik, eta 13:40an, 14:10ean eta 14:50ean geldituko dira Ordizian, eta 13:50ean, 14:20an eta 15:00etan iritsiko dira Beasainera.
«Lurraldebusen eraso matxisten aurkako lehen protokoloa prestatzen ari gara, eta aurten kaleratuko dugu»
Azahara Dominguez. Mugikortasun diputatua
Zaldibiara autobusez joateko deia
“Gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, ezinbestekoa da garraio publikoaren erabilera sustatzea. Zerbitzu berezi horiekin, M-8ko manifestazioan parte hartu nahi duten goierritarrek autobusez egin ahal izatea errazten dugu, ibilgailu pribaturik izan gabe “, nabarmendu du Azahara Dominguezek. Goierritarrei manifestazio horretan parte hartzeko gonbita egin die: “Borroka feministari esker aurrerapen handiak lortu diren arren, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna oraindik ere gertaera bat da, eta ultraeskuinaren diskurtso ukatzaileak nagusitzen ari direla dirudi. Berdintasuna pertsona guztioi dagokigun borroka da eta horregatik garrantzitsua da martxoaren 8an kalean aldarrikatzea “.
Mugikortasun departamentuak “garraio publikoaren erabilera sustatzen” jarraituko du, pertsona guztiek bizitza publikoan baldintza berdinetan parte hartu ahal izan dezaten. “Eta, gainera, gure autobusak espazio seguruak eta berdintasunezkoak izan daitezen lan egiten dugu. Horretarako, Lurraldebusen eraso matxisten aurkako lehen protokoloa prestatzen ari gara, eta aurten kaleratuko dugu”.
«Guretzako oso pozgarria da Emakumearen Nazioarteko Eguneko eskualdeko ekimen nagusia Zaldibian jasotzea»
Ioritz Berra. Zaldibiako alkatea
Bestalde, Ioritz Berra, Zaldibiako alkateak, honako hau esan du: “Guretzako oso pozgarria da Emakumearen Nazioarteko Eguneko eskualdeko ekimen nagusia Zaldibian jasotzea. Honela, herri txikietan ere mobilizazio garrantzitsuak egin daitezkeela erakutsiko dugu. Zaldibiako Aske talde feministaren eta Goierriko Koordinadora Feministaren eskaerei erantzunez, egokia ikusi genuen gure herrirako garraio publikoa indartzeko eskaera egitea. Horregatik oso eskertuta gaude Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eskaera honi modu positiboan erantzuteagatik. Goierritarrak Zaldibiarako joan etorria garraio publikoan egitera animatzen ditugu”.