Pilota egun arrakastatsua Seguran
Igandean 30 pilotari gazte elkartu dira goizean, eta 100 bat ikusle arratsaldean. Balorazio positiboa egin du Segurako pilota eskolak.

Segura Kirol elkarteko pilota sailak antolatuta, laugarrengoz jarraian, pilota egun arrakastatsua egin dute Seguran igandean. Eguraldia lagun, herriko frontoi zaharrean bildu ziren goizeko 11:00etan, eta bertan egin zituzten pilota eskolako ikasleen eta gurasoen arteko jolasak.
Ondoren, errebotean bazkaldu zuten pilotariek, eta arratsaldean, Ados pilota elkarteak antolatutako Binakako txapelketako lehen mailako partida jokatu zen Baratze pilotalekuan, Arrieta-Galeano eta Barrokal-Arrastiaren artean.
Goizean zehar, 30 bat pilotari gaztetxo elkartu zirela azaldu du Josu Agirre Segurako pilota saileko kideak, eta goizean partidak ikustera zenbait herritar bertaratu baziren ere, azpimarratu du arratsaldeko partidez gozatzen, 100 bat ikusle izan zirela. «Balorazio positiboa eginda, formatu berarekin jarraituko dugu», adierazi du pilota saileko kideak.
Aldaketa parea
Aurtengoan, aldaketa pare batekin antolatu dute pilota eguna: orain arte goizean zehar emakumeen pilota partidak jokatu izan dira Baratze pilotalekuan, eta, arratsaldean, berriz, guraso eta pilotariekin batera jolasak antolatu izan dituzte. «Arratsaldeko ekintza asko luzatzen zelako aldatu dugu», azaldu du Agirrek.
Kanporaketa Seguran
Abenduan Olaberrian ekin zioten emakume pilotari profesionalen Binakako txapelketari eta finala Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko da martxoaren 29an. Tartean, 25 herritan jokatuko dituzte kanporaketak; Seguran kasu.